https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Getxoko Udalak 'Gidabaimena Euskaraz' kanpaina jarri du abian

Getxoko Udalak 'Gidabaimena Euskaraz' kanpaina jarri du abian
Manu Cecilio

Ekimen honetan udalerriko bost autoeskolak hartuko dute parte

UNAI SARRIUGARTE 

Getxoko Udalak aurten berriro ere 'Gidabaimena Euskaraz' kanpaina jarri du martxan. Egitasmo honek gidabaimenaren teoria azterketa euskaraz egiteko aukera aurkeztea du helburu.

Iniziatiba honetan Bizkaiko hainbat udalerrik eta erakunde ezberdinek hartu dute parte: Bizkaiko Foru Aldundia; Alkarbide, Bizkaiko Lurralde Historikoko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen bilgunea; Eusko Jaurlaritza; Bizkaiko bost autoeskola: Amezti, Arias, Drive, Manolo eta Gidatu eta Eudel, Euskadiko Udalen Elkartea.

Pasa den urtean, 41 gaztek aukeratu zuten gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egitea, 2017. urtean baino zazpi gazte gehiagok. Kanpaina 17 urtetik 23 urtera bitarteko gazteei doa bideratuta.

Bestalde, Getxoko Udalak 100 euroko diru-laguntza eskainiko du aukera hau hartzen duten gazteen artean. Era berean, gazte hauen artean gasolina erosteko ehun euroko hiru bono zozkatuko ditu. Gainera, ekimenean esku hartzen duten autoeskolen eta kanpainaren nondik-norakoen berri emateko helburuarekin, 2.000 eskuorri eta 100 kartel zabalduko dituzte herrian.

Getxoko Udaleko Tokiko Gobernu Batzak, 2013ko uztailean ESEP, Erabilera Sustatzeko Ekintza Plana onartu zuen. Getxoko ESEPek datozen urteotako hizkuntza plangintza gidatu nahi du eta euskararen erabilera areagotzea du xede.

Euskaren Erabilera Sustatzeko Ekintza Planak zenbait irizpide estrategiko ditu: euskararen jabekuntza, erabilera eta elikadura, hau da, hizkuntza aberastasuna handitzeko behar diren izapideak eta eguneroko esparru guztiak ukitzea: irakaskuntza, administrazioa, lan-mundua, hedabideak, kirola eta aisia, kultura, publizitatea... eta baita helduen euskalduntzea ere.

Hori dela bide, euskararen jakite maila areagotu eta erabilera sustatzeko zenbait diru-laguntza eskaintzen ditu: euskara ikasteko diru-laguntzak, baliabide ekonomiko nahikorik ez daukatela frogatzen duten getxotarrentzat ahalbidetutako bekak, errotuluak edota ibilgailu komertzialak euskaraz ipintzeko diru-laguntzak, aisialdiko begirale eta zuzendari agiria lortzeko euskarazko ikastaroetarako laguntza ekonomikoak, euskal kultura sustatzeko beken deialdia, Getxoko euskalgintzarentzako diru-laguntza nominatiboak edota eskola-orduz kanpoko jardueretan euskara sustatzeko laguntza ekonomikoak.