https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Getxoko udako kirol ikastaroetan izena emateko aukera, maiatzaren 10era arte

Interesdunek waterpoloaz gozatzeko aukera izango dute./Afp
Interesdunek waterpoloaz gozatzeko aukera izango dute. / Afp

Guztira 1.500 plaza eta 68 ikastaro eskainiko direla iragarri dute arduradunek

EL CORREO

Uztailean eta abuztuan Faduran eta Gobelan eskainiko diren udako kirol ikastaroetan aurre-inskripzioa egiteko epea ireki du Getxo Kirolak-ek. Guztira 1.500 plaza eta 68 ikastaro eskainiko direla iragarri dute arduradunek, eta, berrikuntza gisa, Udalai ikastaroa eskainiko da (14-18 urte), hezkuntzako proposamen ez formala.

Hortaz aparte, kirol eta ingurumen arloko jarduerak egingo dira, batez ere aire librean, astelehenetik ostiralera, 11:30etik 14:00etara. Besteak beste, igeriketa sinkronizatuko eskolak, waterpoloa, uretako erreskatea eta gazteek dantzaren eta musikaren inguruan proposaturiko jarduerak barne hartuko ditu, talde-lanean eta bizikidetzan sakontzeko asmoz, aisialdi osasungarriko ingurune batean.

Eskaintza osatzeko, tenis, padel, igeriketa eta haurrentzako kirol jarduerak antolatuko dira. Azken horietan, ingelesa irakatsiko zaie egunero ordubetez, eta zaintza zerbitzua egongo da jardueren aurreko eta ondorengo ordu erdian. Horrez gain, Kiroletan ikastaroa antolatuko da (10-14 urte), non kirol anitzeko jarduerak egingo diren, nerabeen artean kirola sustatzeko.

Zozketaren emaitza

Maiatzaren 10era bitartean aurkeztu ahal izango da eskaera Fadura eta Gobelan edo web orrialdearen bitartez. Online izapidea egiteko, NAN elektronikoa edo sarbide-gako pertsonala erabiliz sar daiteke; azken hori kiroldegietako bulegoetan eskatu beharko da, 08:00etatik 21:30era bitartean. Gakoaren bidez, instalazioak erreserbatu eta ikastaro guztietan altak eta bajak kudeatu daitezke.

Maiatzaren 14an, web orrialdean eta Fadurako eta Gobelako informazio-tauletan argitaratuko da zozketaren emaitza; izan ere, plazak automatikoki esleituko dira, baina kontuan izan behar da eskaera dagoen bitartean pertsona bakoitzak soilik ikastaro batean eman ahal izango duela izena. Plazak libre geratuz gero, esleipen-sistemak prozedura errepikatuko luke, pertsona bakoitzeko hiru ikastaro egiteko aukera emanez. Maiatzaren 16tik 22ra, erreklamazioak, bajak eta ordutegi-aldaketak egin ahal izango dira. Maiatzaren 23tik aurrera, dauden plazak eskainiko dira eskaintza bete arte.

Tenis, padel eta igeriketako hastapen mailatik gorako ikastaroetan izena emateko, beharrezkoa da aldez aurretik maila egiaztatzea. Programa-liburuxka: Fadura eta Gobelan, eta web orrialdean.