https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Getxoko ikasleek harreman fisiko eta digitalen inguruan hausnartu dute

Haur bat, ordenagailuaren aurrean./Fotolia
Haur bat, ordenagailuaren aurrean. / Fotolia

480 ikaslek sexu harreman osasungarriak garatzearen inguruan hausnartzeko aukera izan dute Sentiktuz programari esker

EL CORREO

Getxoko hamaika ikastetxetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako 480 ikaslek harreman fisiko eta digitalen, emozioak kudeatzearen eta afektibitate eta sexu harreman osasungarriak garatzearen inguruan hausnartzeko aukera izan zuten 2018ko azken hiruhilekoan, Getxoko Udalak antolatzen duen adikzioak prebenitzeko egitarauaren barruan.

Ekimenean hurrengo zentruek hartu zuten parte: Divino Pastor, Zubileta, Zabala, Azkorri, Trinitarias, Larrañazubi, San Inazio, Andra Mari, Europa, eta San Nikolas eta Gobela ikastolak. Horietako 20 gelatako 10 eta 11 urteko 253 mutilek eta 227 neskak, bi orduz, aipatutako gaiak landu zituzten, teknologia berriek ikasleengan duten eragina aztertzearekin batera. «Gai horiek lantzeko beharra antzeman zen aurretik egindako beste jarduera batzuetan. Nerabezaroaren aurreko urteetan nortasunaren garapenaren zati garrantzitsu bat ematen da, sexualitatea eta alderdi emozionalak barne, eta horregatik berebiziko garrantzia hartzen du taldeak, familiak, irakasleak eta testuinguruak. Programa hauek antolatzearekin batera, oso garrantzitsua da familiek, irakasleek eta ikastetxeek ere horrelako ekimenetan parte hartzea», nabarmendu du Elena Coriak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Bideo-jokoak eta sare sozialak

Sentiktuz programaren helburu nagusiak izan dira sakeleko telefonoak, sare sozialak eta bideo-jokoen erabilerak eragin ditzakeen jokaera arriskutsuak ezagutzea, horien erabilera osasungarria eta kontzienteagoa bultzatzea, eta berdinen arteko harreman osasuntsuak sustatzea. Aldi berean, menpekotasun teknologikoen prebentzioa landu, maskulinitate hegemonikoaren inguruko hausnarketa kritikoa bultzatu, emozioak kudeatu, eta errealitate desberdineko pertsonengan kohesioa ere bultzatu dute saioetan dinamizatzaileek.

Saioak dinamikoak eta jolasen bitartekoak izan dira eta bideo-jokoei lotutako ondorioen artean hurrengoak agertu dira: eduki bortitza, sexuala eta sexista duten bideo-jokoekin jolasten dute parte hartzaile askok; joko batzuetan ez dute indarkeriarik ikusten, batzuek gehiegizko denbora igarotzen dute bideo-jokoetan jolasten eta hainbat ikaslek ondorioztatu zuten bideo-jokoetan ikusten eta agertzen diren gauzek badutela efektua beraien izaeran.

Sare sozialei dagokienez, haurrek uste dute profil bat modu pribatuan izatea segurua dela sarean ibiltzeko, eta horregatik segurtasun eta pribatutasun neurriak azpimarratzeko beharra izan zen saioetan. Bestalde, sexualitatearen eta pornografiaren gaia askotan atera zen, Internet, sare sozial eta bideo-kontzeptuei lotuta, eta besteak beste, eduki sexista eta estereotipatuei buruzko hausnarketa egin zuten ikasleek, emozioak agertzeko arazoak aitortu zituzten, batzuetan beren burua mina egiten dutela gehituz, eta kasu batzuetan familiak ipinitako mugak beharrezkoak direla ulertzen dute.

Temas

Euskera