https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Getxo Elika gara', jardunbide egokiak aurrera eramaten dituzten tokiko ekimenak ezagutzera emateko proiektua

'Getxo Elika gara', jardunbide egokiak aurrera eramaten dituzten tokiko ekimenak ezagutzera emateko proiektua

Elikaduraren esparruan adituak diren pertsonek gure bizi-ohiturak hobetuko dituzten ekimenak gerturatuko dizkiete getxotarrei, eta baita joerak eta kontsumitzeko erak ere

EL CORREO

Elikaduraren esparruan jardunbide egokiak aurrera eramaten dituzten tokiko ekimenak saritu nahi dituzte Getxon, eta, horretarako, 'Getxo Elika gara' proiektua abiatu dute, Getxo Elika ekimenaren bitartez. Horretan adituak diren pertsonek gure bizi-ohiturak hobetuko dituzten ekimenak gerturatuko dizkiete getxotarrei, eta baita joerak eta kontsumitzeko erak ere. Hortaz aparte, herritarrak kontzientziatuko dituzte jasangarritasunari buruz.

Ekimenaren arduradunek nabarmendu dutenaren arabera, egitasmo berri honen bitartez, elikadura osasungarri, jasangarri eta seguruaren aldeko alderdi garrantzitsuak garatzen dituzten eragile lokalen balioa nabarmendu nahi da. Eta alderdi horiek honako hauek dira: sasoiko produktuak erabiltzea, bertan ekoiztea, gertutasuna edo 0 km deritzona, dietak pertsonalizatzea, eta garapen gastronomiko berriak, elikadura segurua eta kalitatezkoa, hondakinen murrizketa, elikagaiak ekoizteko sistema berriak, teknologia berriak txertatzea balio-katean eta garapen jasangarriaren helburuen alde lan egitea.

Interesdunek jakin behar dute jardunbide egoki horiek Getxo Elikaren komunitatean sartutako edozein eragile lokalek bultzatutakoak izan daitezkeela, ostalaritzako, jatetxe-arloko eta merkataritzako ekoizpen, transformazio eta banaketa arloetakoak nahiz hezkuntza, osasun, ikerketa eta zabalkuntza arloetakoak.

Orain arte, Getxo Elikak tokiko bost ekimen nabarmendu ditu: dieta pertsonalizatzean arreta berezia jartzen duen Nutre-t zentroko Itxaso Marin nutrizionistarena, elikadura ekologikoa ariketa fisikoarekin eta ongizatearekin integratzeko apustua egiten duen Lamiak zentroarena, bertako produktuez Andra Mariko 'Getxo Zaharra' batzokiak egindako platerrak, Runappetiten sareen bidez kirolarientzako errezeta osasungarriak zabaltzen dituen Imanol Loizagarena eta Artalde elkartearekin batera sukaldaritzari buruzko kalitate handiko prestakuntza eskaintzen duen Lucía Aragonésena. Getxo Elika ekimenaren arduradunek nabarmentzen dutenez, euren jarduteko gaitasunari esker, tokiko ekimen horiek kontsumitzeko era berriak hartzen eta joerak aldatzen laguntzen dute, eta beraien ekintzen bidez herritarren kontzientzia eta bizi-estiloa hobetzen dituzte.

Hortaz aparte, gaineratu dute 'Getxo Elika gara' proiektuak ikusgarritasuna eman nahi diela ekintza horiek sustatzen ari direnei; izan ere, ekimen arduratsu baten atzean beti egon ohi da konpromiso handiko pertsona bat eta kontatzeko moduko bizi-esperientzia bat. Hala, poliki-poliki, Getxoko elikadura osasungarri, jasangarri eta seguruaren mapa osatzen joango direla uste dute.

Gauzak horrela, guk ere elikadura osasungarriarekin eta jasangarriarekin lotutako istorioren bat baldin baduzu eta ezagutzera eman nahi baduzu, idatzi mezu bat kaixo@getxoelika.eus helbide elektronikora edo egin ezazu www.getxoelika.eus webgunearen bitartez.