Gernikako Memoriaren Lekuko plataformak 18 egunetarako egitarau oparoa antolatu du bonbardaketaren 84. urteurrenaren harira
Maiatzaren 3ra arte udalerrian bertan hainbat jarduera eramango dituzte aurrera
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 16 apirila 2021, 21:37
Gernikako Memoriaren Lekuko plataformak 18 egunetarako egitarau oparoa antolatu du bonbardaketaren 84. urteurrenaren harira. Hala, apirilaren 15etik maiatzaren 3ra bitarte hainbat jarduera eramango dituzte aurrera. Aurtengo nobedade garrantzitsuena atondu duten 'Gernika Bizirik' kanta izango da, antolatzaileen esanetan.
Hortaz, maiatzaren 3ra arte egitasmo anitzez gozatu ahal izango dute ikus-entzuleek, hala nola, online elkarrizketa, hitzaldi, ikus-entzunezko, aldarrikapen ekintza, ibilaldi eta beste hainbat egitasmo. Aipatu bezala, berrikuntza nabariena Jon Rementeria Larruzea musikari gernikarrak konposatutako 'Gernika Bizirik' abestia izango da.
Egitarau honen exekuzioaren atzean udalerriko hainbat eragile daude: Gernika Batzordea, Gernika-Lumoko Sare, Arrano Kultur Elkartea, Ipes, Gernika Garretan, Gernika Zine-Kluba eta Lobak taldea, bestek beste.
Astra Kulturgunean apirilaren 15ean arratsaldeko 18.30etan abiatuta Iñigo Niebelekin streaming bidez 'Memoria Historikoaren eraikuntzaren alde sozial eta politikoak' hitzaldia emango dute ezagutzera. Apirilaren 19an, berriz, Xabier Irujo Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketetan katedraduna denak 'Gernika Memoria Lekuaren dimentsioak arakatzen' izeneko mintzaldia eskainiko du.
Era berean, apirilaren 20an udalerriko Lizeo Antzokian 'Caminho Longe' dokumentala estreinatuko dute zazpietan abiatuta. Hurrengo egunean, asteazkena Elai Alai Aretoan Jose Mari Esparzaren txanda izango da 'Gernikako Arbolaren biografia. Euskal Herriko ereserkia' mintzaldiaren bitartez.
Bestalde, apririlaren 22an, osteguna, Astran memoria elkarrizketa gauzatuko dute Bidasoako Kepa Ordoki elkartearen esperientzia aintzat hartuta. Egun berean Lizeo Antzokian Agustin Villalongaren 'Incierta gloria' ekoizpena estreinatuko dute.
Ostiralean, apirilak 23, aldiz, Astran German Ereñak 'Isidoro Fagoaga. El tenor olvidado' liburuaren egileak 'Isidoro Fagoaga' hitzaldia burutuko du. Gainera, larunbatean memoriaren mapa atonduko dute, 'Preso errepublikarrek eraikitako Gernika' izenekoa, Merkurio Plazan hasita eguerdiko hamabietan, eta, arratsaldean Kurdistanekin elkartasun egitasmoa landu ere Astran 17.30etan. Igandearen 25ean ere Merkurio Plazan 'Ardiz mozorrotutako otsoak euskal armagintzaren industriaren zerrenda iluna' aurkeztuko dute 13.00etan.
Halaber, apirilaren 26an sirena hotsa entzungo da udalerriko leku ezberdinetan, hala nola, Pasilekuan, Astran, Merkurio Plazan eta Foruen Plazan. Azkenik, maiatzaren 3an Astrako bunkerraren aldamenetan 'Euskera, memoriaren marka' egitasmoa egingo dute.