https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gernikako azoka, euskal kulturaren aitzindari

Gernikako azoka, euskal kulturaren aitzindari
Unai Sarriugarte

Astelehenero Gernikan ospatzen den azoka, tradizioa eta goi mailako produktuak uztartzen dituen jaialdia bihurtu da

UNAI SARRIUGARTE

Astelehenero jende askok izaten du hitzordua Euskadi mailan dugun elikagai azoka garrantzitsuenarekin, Gernikako azokari buruz ari natzaizue hizketan. Izan ere, ehun urte baino gehiago daramatza azoka honek Gernika euskal kulturaren erreferente bilakatzen. Dudarik gabe, jai-giroan murgiltzeko asteko egunik aproposena.

Herriko erdigunean kokatuta dagoen ospakizun honetan hainbat dira aurkitu ditzakegun elikagaiak, nabarmentzekoak dira: fruta eta barazki ezberdinak, bertako indaba eta piperrak, gazta, odolosteak, txakolina eta sagardoa besteak beste. Indaben kiloa 12 eta 14 euro inguruan, intxaurrak 6-7 euroren bueltan ibili ohi dira.

Bertan, Busturialde osoko saltzaile ezberdinak biltzen dira, euren baserrietako ortu eta kortetan ekoizten diren elikagaiak erakutsi eta saltzeko asmoz. Tratu-giroa uneoro arnas daiteke bertan. Izan ere, saltokietara hurbiltzen diren norbanako gehienak baserritarrekin tratuak egiten saiatzen dira.

Gernikako astelehenetako azokak ospe handia hartu du azken urteotan. Donejakue bidea egiten duten hainbat peregrino hurbiltzen dira astelehenero Gernikara. Era berean, Euskadira bisitan etortzen den turista askok astelehenetako goiza egun seinalatu gisa hartzen dute azoka bisitatzeko asmoz.

Urteko azokarik famatuena urriko azken astelehenean ospatzen dena izaten da, hau «Gernikako azken astelehena» bezala ezagutzen da. Bizkaitarrontzat hain garrantzitsua den ospakizun honetan, 100.000 pertsona inguru biltzen dira urtero. Bertan 350 erakustoki ezberdin egoten dira.

Daramatzaten ehun urteetan ez da egon azoka etetea lortu duen gertakaririk. Izan ere, Gernikan bonbardaketa azoka eguna izan zen. Aipatu bezala, zorigaiztoko egun hau 1937ko apirilaren 26a izan zen, eta nola ez astelehenean suertatu zen.

Hainbat izan dira Gernikako azokari erreferentzia egiten dioten liburu eta kantuak. Hauen artean, Fermin Muguruzaren «Azoka eguna» abestia nabarmenduko nuke. Honelaxe esaten du abestiak: «Gernikan bonbardaketa azoka eguna izan zen, aitonak so egin zerura baina, hodeirik ez da ikusten».

Amaitzeko, esan beharra dago erosteaz gainera jendearekin solasaldian egoteko erabiltzen zela Gernikako azoka. Esaera zahar batek esaten duenez: «lunes gernikes, kolperik ez». Hau da, jai egun bat izango balitz bezala izaten zela.

Temas

Euskera