https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Gerhard Richter. Itsas paisaiak' erakusketa Guggenheimera heltzear dago

Richterren lan desberdinak./Guggenheim
Richterren lan desberdinak. / Guggenheim

Zeruek, hodeiz beteta edo erabat bare, mihisearen parte handi bat betetzen dute artista alemaniarraren itsas paisaietan, eta gutxi batzuetan baino ez ditu itsasoak gainditzen

EL CORREO

'Gerhard Richter. Itsas paisaiak' erakusketa heltzear dago Guggenheimera eta interesdunek artista alemaniarraren itsas paisaia entzutetsuen gaur arteko bilduma zabalenaz gozatzeko aukera paregabea izango dute maiatzaren 24tik irailaren 9ra.

Museoaren arduradunek nabarmendu dutenaren arabera, Richterren itsas paisaiak «ez dira naturaren irudikapen soil bat. Ikuslearen pertzepzioari erronka egiten diote alde batetik, pintura argazkiaren pareko bilakatuta: azalera liso-lisoa lortzen du artistak, pigmentua asko diluituz, eta desfokuratu egiten du irudia, bat-bateko argazki batzuetan gertatu ohi den gisa. Bestalde, edertu egiten du paisaia Richterrek, perfekzioa erdiesteko saiakeran; obra batzuetan bi irudi desberdinetatik datoz itsasoa eta zerua, eta bat egiten dute ia-ia trukagarri bilakatzeraino; hala, ikusleari uzten diote horietako bakoitza identifikatzeko lana».

Baina nor da Gerhard Richter? Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik jaio zen Dresden, guda bukatu zenean Ekialdeko Alemaniako parte izatera pasa zen hirian. Burdinezko hesiaren beste aldean garatzen hasitako informalismoarekiko eta espresionismoarekiko interesak bere jaioterria uztera eraman zuen. 1961ean Düsseldorfen finkatu zen, eta bertan ezagutu zituen Sigmar Polke, Blinky Palermo eta Konrad Fischer, beste zenbait sortzaileren artean. Nahiz eta Richterrek aurretiaz argazkietan oinarritutako pintura batzuk egin zituen, 1962tik aurrera egindakoak dira artistak berak bere lehen argazki-pinturatzat hartzen dituenak. 'Hasiera berri' baten bila abiatutako bidean lan berri horiek inflexio-puntu dira bere karreran.

Itsasoak bere familia-albumetik zetozen erretratuetarako euskarri gisa balio izan zion hasiera batean. Aurrekari horien artean daude Renate eta Marianne (Renate und Marianne, 1964) edo Familia kostaldean (Familie am Meer, 1964) bezalako hondartza-eszenak. Lehenengoan bere emaztea eta koinata aurkezten ditu harearen gainean eta bigarrena erretratu lauso bat da, non aitaginarrebaren irudia gailentzen den. Beranduago, Etzaulkia (Liegestuhl, 1964) lanean, giza gorputza suma daiteke lausoki, eta aurreko obretan ez bezala, ez dago modeloa identifikatzerik. 1965ean paisaia txiki bat egin zuen, figurazioa eta abstrakzioa tonu grisetan urtuz; atrebentziaz, esan liteke bere lehen itsas paisaia dela artelana: Paisaia (Landschaft, 1965).

Zerumuga infinitua

Richterren obrak hain berezkoak dituen kolore grisak, ibilbide osoan zehar lagun dituenak eta berak «iritzirik gabeak» bezala definitzen dituenak, erakusketa honetako 1968ko Itsas paisaia (Seestück) izena duen lehen lanean ere aurki ditzakegu. Mihise gaineko olio-pintura bat da lana, tamaina txikikoa eta formatu oso horizontalekoa, zinemaskope baten lente anamorfikoetatik pasa balitz bezala. Zerumuga infinitu bat eta zurrunbilo txikiak ikus daitezke bertan; azken horiek apar zuria izan litezke, zeinetan pinturaren materialtasuna lodiagoa egiten den, artistaren pintzelkada agertzeko. Desertuko paisaia bat berdin-berdin irudika lezakeen obra baten aurrean gaude, baina izenburuak argi uzten digu ozeanoaren parean gaudela; argi lauso batez eta atmosfera hauskara batez inguratzen den ozeano bat.

Hiru hamarkada eta mihise gaineko 22 olio-pintura daude figurarik gabeko itsas paisaia honen eta artistak 1998an margotu zuen azkenaren artean; Guggenheim Bilbao Museoaren bildumaren parte da obra hori gainera. Urte horietan tamaina, formatu, kolore eta estilo desberdinetako paisaiak aurkeztu ditu Richterrek. Hala, ostertzaren lerroa apenas igarri dakiokeen itsas paisaia abstraktu baten atzetik eta aurretik, argi anbiguo batek soilik lausotutako zeruen fotorrealismoz betetako lanak egon ziren. Zeruek, hodeiz beteta edo erabat bare, mihisearen parte handi bat betetzen dute itsas paisaietan, eta gutxi batzuetan baino ez ditu itsasoak gainditzen.

Gauzak horrela, ez dizuegu ezer aurreratuko, pena merezi baitu zuzenean ikustea. Anima zaitezte!

Temas

Euskera