https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Genero arteko soldata arrakala murrizteko, Berdintasunerako Legea aldatzeko Aurreproiektuan ari da lanean Jaurlaritza

Genero arteko soldata arrakala irudikatzen duen irudia./Fotolia
Genero arteko soldata arrakala irudikatzen duen irudia. / Fotolia

Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Europako Eguna izango da ostiralean, eta egun horren harira, Eusko Jaurlaritzak arrakala murrizteko hartzen ari den neurrien berri eman du

AMALIA IBARGUTXI

Soldata arrakala gizonen eta emakumeen arteko egitura-desberdintasunari lotutako ordainsari-arazoaren adierazpena da. Hau da, lan beragatik, gizonezkoek gehiago kobratzen dutenekoa. Arrakala horrek, gainera, erreproduzitu eta iraunarazi egiten du emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna gure gizartean. Soldata desberdintasunaren ondorioen artetik aipa daitezke emakumeen autonomia ekonomiko txikiagoa eta pobrezia-indize handiagoak. Ostiralean, Emakumeen eta Gizonen Soldata Berdintasunaren aldeko Europako Eguna izango da, eta egun horren harira, Eusko Jaurlaritzak arrakala murrizteko hartzen ari den neurrien berri eman du. Hasteko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea aldatzeko Legearen Aurreproiektuan soldata arrakala murrizteko neurriak txertatuko dituzte.

Aurtengo lehen hiruhileko honetan jarriko dituzte abian neurriok. Lege aldaketan, hiru eremutan nahi dute bermatu soldata-berdintasuna. Hezkuntzaren eremuan, hezkuntza-etapen ezagutza-arlo eta diziplina guztietan txertatu beharrekoa, helburua izango da ikasleak aukera akademikoak generoan oinarritutako baldintzarik gabe egiteko trebatzea eta horretarako dauden oztopoak kentzea, emakumeek industrian, zientzian eta teknologian eta gizonek giza arloan, hezkuntzan edo osasunean duten ordezkaritza txikia gainditu ahal izateko.

Ordaindu gabeko lanaren eremuan, bizitza pertsonalaren, familia-bizitzaren eta lan-bizitzaren kontziliazioa sustatzera zuzendutako arau eta jardunetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko neurriak jaso daitezen planteatuko du legeak, besteak beste zainketen inguruko erantzunkidetasuna sustatzeko. Eta nola ez, enpleguaren edo ordaindutako lanaren eremuan ere, zenbait aspektu landuko ditu legeak.

Adibidez, emakumeak zuzendaritza-postuetan eta kalitate handiko eta ongi ordaindutako enpleguak eskaintzen dituzten sektoreetan sartzeko neurriak planteatuko dira, ordainsari-diskriminazioaren aurkako planak eta kanpainak areagotuko dituzte, eta lanpostuen balorazio, sailkapen eta ebaluazio ez-sexista baterako eta lanbide-sustapen ez-sexista baterako jarraibideak, irizpideak eta metodologiak, informazioa eta aholkularitza emateko eta kexak edo salaketak bideratzeko zerbitzu bat eta kontrol sistemak garatuko dituzte.

Lan iruzurraren aurka

Lege horren aurreproiektuaz gain, ordainsari berdintasuna ikuskatzeko plan espezifikoa burutuko dute. Plan horrek soldata arrakala sortzen duten bi arrazoi nagusi hartzen ditu eraginpean zuzenean: soldata diskriminazioa eta lan-iruzurra. Plan horretan ezartzen denez, ikuskapen unitate espezifikoak sortu behar dira hiru lurralde historikoetan, eta soldata arrakalari lotutako alderdietan prestatu behar dira unitate horiek, ikuskatzailetzak indarrean dauden legeen kontrakoak diren eta soldata arrakala sortzen duten ekintzen aurka egiten duen lana sendotzeko.

'Kontratu publikoetan, diru-laguntza publikoetan, hitzarmenetan eta itun sozialetan genero ikuspegia txertatzeko gida' ere eguneratuko dute, eta kontratazio publikoan emakumeen eta gizonen berdintasunerako klausulak eta soldata arrakalaren aurkako neurriak txertatzeko instrukzio espezifiko bat onartuko dute.

Instrukzio horrek lan baldintzei dagokienez emakumeen eta gizonen berdintasuna erraztuko duten eta emakumeen eta gizonen soldata-berdintasuna bultzatuko duten klausula sozialak jasoko ditu, besteak beste, eta Administrazio Orokorreko, Administrazio Instituzionaleko eta sektore publikoko gainerako entitateetako kontratazio-organoei zuzenduta egongo da.

Temas

Euskera