https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Genera 30 programa abian da eta lanbide-praktiketarako programak kontratatuko dira

SERGIO EGUÍA

Tokiko Gobernu Batzarrak gazteen enplegurako Genera 30 proiektuaren barruko zenbait ekintza garatzeko kontratazio dosierra onetsi du, 249.260 euroan, BEZa barne. Zehazki, langabezian dauden gazteak lan-merkatuan integratzeko programa horretan aurreikusi diren prestakuntzarako, lanbide-praktiketarako eta tutoretzarako moduluak kontratatzeko lehiaketa egingo da. Genera 30 Gasteizko Udalaren ekimen aitzindaria da, eta horretarako orotara 325.000 euroko ekarpena lortu du Europatik, zeinari esker aurrekontu osoaren % 92 estali ahalko baita.

Genera 30 programaren helburua da 30 urtetik beherako 75 gazte ingururekin lan egitea, lan-merkatuan sartu daitezen. Emakumeei, ikasketarik edo lan esperientziarik ez duten eta oinarrizko prestakuntzan gabeziak dituzten pertsonei emango zaie lehentasuna. Hasteko, ekimenean parte har dezaketen pertsonak erakarri eta diagnostikatzeko fasea egingo da. Ondoren, Urtaranen gobernuak gaur lehiaketara atera dituen jarduerak garatuko dira.

Genera 30 programan aurreikusitako prestakuntzaren bitartez, 1. mailako profesionaltasun-ziurtagiria lortu ahalko da alor hauei buruzko ikastaroetan: biltegiko laguntzailea (210 ordu), gozogintza (440 ordu), sukaldaritzako oinarrizko eragiketak (290 ordu) eta fabrikazio mekanikoko laguntzailea (440 ordu). Orobat, zeharkako beste alor batzuei buruzko prestakuntza bloke garrantzitsua aurreikusi da: informazioaren teknologiak, tresnen erabilera, berdintasunaren sustapena, hizkuntzak eta iraunkortasuna.

Lanbide praktikei dagokienez, gutxienez 60 enpresatara joko da, prestakuntza fasea egoki burutzen duten parte-hartzaileek lanbidean jardun dezaten, bi hilabetez. Tutoretza eta orientazio jarduerari esker, berriz, parte-hartzaileek coach bat izango dute programaren ibilbide osoan, eta taldeko saioak. Pertsona bakoitzak gutxienez 6 tutoretza-ordu eta 30 orientazio-ordu jasoko ditu, eta praktikak amaitu eta 6 hilabetetara zein 12 hilabetetara laneratzearen jarraipena egingo zaie.

Aurreikusi den egutegiaren arabera, prestakuntza 2018ko lehen seihilekoan emango da, orain egiten ari den erakartze-fasea amaitu bezain laster. Praktikak 2018ko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan egingo dira, eta tutoretza eta orientazioa, berriz, 2018an zehar.

Gazte enpleguaren alorrean hirian diharduten agente nagusien ahaleginen batuketa da Genera 30 proiektuaren zutabeetako bat. Aurretik ere bada esperientziarik alorrean diharduten entitate eta elkarteekin, esaterako, Gazte bermerako programa eta HAZIA 23; azken horren lehen edizioa uztailean amaitu zen, diploma banaketarekin. Programa berriaren bidez ahalegin handiagoa egin nahi da gazteentzako enplegua sortzeko helburua lortzeko, krisiak gehien eragindako taldeetako bat baita.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos