Aurreiritzia ezjakintasunaren arrazoi izan ohi da. Ez dut esango beti hala gertatzen denik, aurreiritzia gure nortasunean barneratua baitugu. Aurreiritzia mekanismo bat da, non, pentsatzeko gogorik ez dugunean, astirik ez dugulako edo batere pentsatu nahi ez dugulako, abian jartzen den eta, munduaren irudia egina duenez, gure jarrera eta ekintza anitz berak zehaztutako bidetik eramaten dituen. Ohikoan, biderik errazena da, irtenbide nekearen ezean, konformidadea ekarriko duena. Izan ere, aurreiritziak, gehienetan, nagusi diren joerekiko mendekotasuna adierazten du. Ez da iritzia izatera iristen, baina hala balitz bezala jokatzen du gurekiko eta, batez ere, besteekiko. Oso zaila baita aurreiritzi bakan eta bakarra aurkitzea, norberaren baitakoa, egon badaude ere, ia denak multzokoak baitira, gizartean landuak eta garatuak. Chamforten esaldi bat daukat buruan: «Filosofiak aurrera jotzen badu ere, ergelkeriak bere ahaleginak egiten ditu aurreiritzien inperioa ezartzeko». «Ergelen arrazoiak», horrela definitu zituen Voltairek aurreiritziak, eta ez zuen arrazoirik falta. Baina, gaur egun, pentsalari askorentzat Voltairerenak ere aurreiritziak baino ez dira. Pentsamenduak bere bidea hartua du aspaldion, aurrera barik, atzera. Baina izan daiteke nire iritzi hau ere aurreiritzi makur merkea. Alferrik isiltzea, ordea, isiltasuna ere batzuetan ez baita aurreiritzia besterik.
Publicidad
Joan zen astean antzinako eta ez hain antzinako liburuak, baina esku batetik baino gehiagotik pasatakoak, salgai dituen denda batean José de Artecheren 'La paz de mi lámpara' aurkitu nuen, denboraren eskuak ez besterik higatua, eskaintza dardarti eta, idazte kontuetan, eskarmentu gutxiko batek hornitua. Astia nuenez, hurrengo autobusa geralekura iritsi bitartean, irakurtzen hasi nintzen eta nire gozamenerako, eta harridurarako zergatik uka, ezin liburua utzi. Iritsi zen autobusa, iritsi ginen auzora eta liburuari lotua nengoen, ezin libraturik. Taberna batean sartu eta, zerbait edateko hartzen nuelarik, irakurtzen segitu nuen. Esan dezaket, inongo lotsarik gabe, ez nuela bakerik izan harik eta nire hatz urduriek azken orrialdea pasatu zuten arte. Bai, badakit, inozokeria da, belaxkakeria, baina zer egingo dugu, adin batetik aurrera garena izateko borrokan dihardugu, ez izan nahi duguna izatekoan.
Irakurria nuen lehendik Artecheren 'Saint Cyran' eta lan gogoangarria iruditu zitzaidan, Unamunoren zenbait lanen mailakoa. Ez nuen askoz gehiago irakurri harenik, aurreiritziak tarteko. Esan nahi dut Unamuno kristau kezkatuaren mailakoa dela, eta Unamuno barneratzea ere kostatako lana izan zela. Gaina bere burua bera ere zalantzaz josita jarritakoan jotzen baitu, handik egiaren argi izpiren bat ekarri nahian.
Bai Arteche bai Unamuno biak ziren urrunera begiratzen zutenak, mendietan, irudiz bazen ere, bakearekin batera, bakoitzak bere nortasunaren baieztapena aurkitzen zutenak. Gertukoan, egunerokoan, galdu egiten ziren, ez baitziren txikikeriei erreparatzeko sortuak. Mundua handi zitzaien, eta maite zituzten mendiak urruti (Izarraitz, Artechek). Unamunoren orrialderik gozoenak bere mendi bueltak azaltzen dituenak dira, Aizkorrira eta Aralarrera egindako txangoen berri ematen dituenak hain zuzen.
Artecheren liburu horretan badira orrialde zoragarriak. Haren bizitzari buruz gehiegi jakin gabe, kontatzen duen arabera, Groseko tren-geltokiaren ondoan bizi izan zen, eta trenaren joan-etorriak deskribatzen ditu, halako zehaztasunez, halako arintasunez, halako sentikortasunez, non trenbidearen paisaia eta inguruak bertan bageunde bezala ikustera ematen zaizkigun. Trenak ikusteko astia hartzen duenak badaki beharbada ez dela sekula dagoen tokitik mugituko, ez duela urrutira alde egingo. Baina era berean askatasuna ikusten du trenaren bultzadan, jendearen sartu-irtenean; berak bere baitan, agian, aurkituko ez duena.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión