https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gaztelugatxeko kostaldea garbitu nahi? Larunbatean aukera daukazu

Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko boluntario batzuk./Bermeoko Udala
Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko boluntario batzuk. / Bermeoko Udala

Jardueraren helburu nagusia da itsasoak kalara eramandako hondakin guztiak kentzea, hala nola botilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak

ELCORREO.COM

Gaztelugatxe modan jarri da eta bisitarien hazkundearekin hondakinen hazkundeak gora egin du ere bai. Gauzak horrela, kostaldea hondakinez garbitzeko auzolana egingo da larunbatean, Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren laguntzarekin antolatuta. Jardueraren helburu nagusia da itsasoak kalara eramandako hondakin guztiak kentzea, hala nola botilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak.

Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, ekimen honekin «kostaldean hain berezia den Bermeoko Gaztelugatxeren ingurumen eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu nahi dugu». Larunbateko jardunaldiarekin dagoeneko bost auzolan antolatu dira azken sei urteetan Gaztelugatxeko kala garbitzeko.

Pertsona guztiek parte har dezakete jardueran, baina antolatzaileek gogorarazi dute kontuan izan behar dela kala harritsua dela. Geralekua Gaztelugatxe ondoan dagoen Eneperi jatetxeko aparkalekua izango da, goizeko 09.30ean. Horrela, itsasbehera aprobetxatuko da garbiketa lanak egiteko.

Izena emateko epea, ostegunera arte

Hasteko, antolatzaileek itsasoaren kutsadurari buruz hitz egingo dute eta garbiketa lanak nola egin azalduko dute. Ondoren, lekura oinez jaitsi, eskularruak eta poltsak banatu, eta boluntarioak taldetan antolatuko dira.

Kalaren zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotako hondakinak haitzetatik errepideraino ateratzeko giza kate bat osatuko da, eta, ondoren, hondakinen edukiontzi batera eramango dira. Hemendik, Bermeoko Udalak hondakin geldoen zabortegi batera eramango ditu. Garbiketa lanetan parte hartzen duten pertsona guztiei ura eta jana banatuko zaie. Jardunaldia 14.00etan amaituko da.

Auzolanaren antolatzaileek gomendatu dute arropa eta oinetako erosoak (labaintzen ez dutenak eta busti daitezkeenak), ordezko arropa eta edateko likidoa eramatea. Materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua egiteko, ezinbestekoa da parte hartu nahi dutenek izena ematea ostegunera arte, arratsaldeko 18.30 baino lehen, info@lurgaia.org posta elektronikora idatzita edo 606 141 831 telefonora whatsapp bat bidalita. Izena ematerakoan izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat eman behar dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos