https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gazte Klik Klak argazki lehiaketaren irabazleen erakusketa izango da Gasteizen

Gazte bat, argazki bat ateratzen./Fotolia
Gazte bat, argazki bat ateratzen. / Fotolia

Maiatzaren 4ra arte izango den erakusketak Tetrapack izena du eta Ignacio Aldekoa Kultura Etxean izango da

PAUL PICADO

Iazko Gazte Klik Klak argazki lehiaketaren irabazleek beren lanak erakutsiko dituzte maiatzaren 4ra arte Ignacio Aldekoa Kultura Etxean, Tetrapack izeneko erakusketan. Argazki lehiaketara 54 lan aurkeztu ziren guztira, 45 argazki-serie eta 9 bideo, eta 14 eta 25 urte arteko 29 emakumek eta 20 gizonek parte hartu zuten.

'Kultura eta Hiria' gaia aukeratu zuten antolatzaileek, eta irabazleak Oihane Gil Cirión ('Ponzoña' izeneko argazki galeria aurkeztu zuen), Estibaliz Aguirre Lopez de Munain ('Sorgune sortzaileak' bideoa), Ester Fernandez Amorin ('CultivARTE' izeneko argazki galeria) eta Xabi Martinez Ortiz de Pinedo ('Begirada anitzak' argazki-galeria) izan ziren. Bada orain bere saria izango dute, esan bezala, lanak erakusketa batean aurkeztuko baitituzte, argazkilaritzan, bideo sorkuntzan eta arte plastikoetan adituak diren pertsonen babespean.

Bai 2018ko Gazte Klik Klak argazki lehiaketa, bai Tetrapack 2019 erakusketa, Ibon Sanez de Olazagoitia artista gasteiztarrak babestu ditu, ZAS Kultur Elkartearen izenean. Aurten, hamargarren edizioa antolatzen zela aprobetxatuz, lehen edizioa antolatu zen leku berera itzuli dira, hots, Ignacio Aldecoa Kultura Etxera.

Lau artista gazteen lanetan gazteen gaur egungo kezkak, borroka feminista eta musika adierazten dira, baina artista bakoitzaren barruko esperientzia ere antzematen da. Erakusketari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, mezu elektroniko bat bidal daiteke hurrengo helbidera: juventudtl3@vitoria-gasteiz.org, edo 945161616 telefonora deitu.