https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gauzen izaeraz

Liburuaren azala./
Liburuaren azala.

Patxi Huarte Larraburu komikigileak egunkarietan argitaratutako zinta batzuen antologia plazaratzen du liburu honetan

JAVIER ROJO

‘Zaldieroa’ goitizenarekin sinatzen duen komikigile nafarrak, Patxi Huarte Larraburuk alegia, azken bi urte hauetako kronika eskaintzen du ‘De rerum natura’ bildumaren zazpigarren alean. Bilduma honetako beste emaitzetan bezala, komikigileak egunkarietan argitaratutako zinta batzuen antologia plazaratzen du liburu honetan. Komikiari buruzko aurreiritziak dagoeneko baztertu xamar badaude ere, oraindik mesfidantzaz begiratzen dituzte batzuek, komikia eta umekeria edo kalitate eskasa sinonimoak izango balira bezala. Kasu honetan, egunkarietan zinta moduan argitaratu diren komiki itxurako hauek ez dute istoriorik garatzen. Horren ordez, gaurkotasunari kontrapuntua jartzen diote, iritzi artikuluen ordezkoak diren irudien bidez. Eta ezaugarri hau kontuan hartu behar da derrigorrez: bertan agertzen diren zintak momentuko gertakarien gaineko iritziak dira, hurbileko erreferentzia baten gainean sortuak. Erreferentzia hori, beraz, zertaz ari den, jakin beharra dago, zintetan agertzen direnak ulertuko badira.

Bestalde, Zaldieroa nafarra da, eta datu hau ez da garrantzirik gabekoa. Mundua Nafarroatik begiratzen delarik, testuinguru horrek markatzen du hein batean aurkezten den ikuspuntua. Izan ere, nafarra eta euskalduna izanik, batzuetan (askotan) erasokorra suerta daiteke ingurua. Horren ondorioa, indigena jazarria izatearen sentimendua. Marko honetan, Zaldieroak bere iritzia plazaratzen du hainbat gairi buruz. Batzuek orokorrak dirudite (adibidez euskaltasuna eta abertzaletasuna) eta identitatea markatzen dutela esan daiteke. Beste gai batzuk askoz zehatzagoak dira (hondakinen errausketa, kasurako), baina komikigilearen eskuetan beste planteamendu orokorrago baten sintoma bezala plazaratzen dira. Askotan, zintak sortzeko abiapuntuan, twitter-en aurkitutako komentarioak daude, eta iritziak pertsonalak badira ere, jende multzo baten pentsamenduaren ordezkaritza bihurturik agertzen dira.

De rerum natura 7

Egilea:
ZaldieroaArgitaletxea: Elkar. Donostia, 2017160 orr. 19,00 euro

Komikiak izanik umorea ezinbestekoa dela esan daiteke, ironiatsua eta sarkastikoa baita. Aktualitateari loturik egin dira zinta hauek, eta horretan dago bere muga: azaltzen dena publikatu orduko zaharkituta gera daiteke, errealitateak berak gaindituta.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos