https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'ArteShop' ekimenaren sariak banatuko dituzte gaur, Bilboko Erribera Merkatuan

Urki Briaklesm, iazko edizioko txapelduna, erakuslehio bat apaintzen./O. Hernández
Urki Briaklesm, iazko edizioko txapelduna, erakuslehio bat apaintzen. / O. Hernández

Hamar finalistetatik hiru sarituko ditu epaimahaiak

UNAI SARRIUGARTE

'ArteShop' ekimenaren sariak banatuko dituzte gaur, Bilboko Erribera Merkatuan. Aurtengo ekimenaren bederatzigarren edizioa ekainaren 3tik 16ra bitartean ospatu da. Bertan hiriko 75 saltokik hartu dute parte eta hamar saltoki eta artista heldu dira aurtengo finalera. Hamar finalista hauetatik hiru izango dira sarituak.

Bederatzigarren edizioaren epaimahaia ibilbide esanguratsua duten artearen eta merkataritzaren sektoreko artistak osatu dute: EHUko Arte Ederren Fakultateko dekanoa den Arantza Lauzirika, BilbaoArte Fundazioko presidentea den Juan Zapater eta merkataritzan berezitu diren Bilbao Ekintza udal-erakundeko langileak. Era berean, epaimahai profesional bat izango da aurtengo hiru saridunak erabakiko dituena. Herritarrek ere parte-hartzeko aukera izango dute, 'ikusleen saria' deiturikoa aukeratuz.

ArteShop Bilbao ekimena Bilboko Udalak sustatu du, Bilbao Ekintza udal-erakundearen bitartez, EHUren eta Bilbao Arte Fundazioaren lankidetzarekin. Ekimen honek tokiko merkataritza ikusaraztea eta establezimendu horietan egiten diren erosketak dinamizatzea, bai eta esperientzia hori artearekin eta kulturarekin lotzea ditu helburu.

ArteShop Bilbaoren aurtengo edizioan parte hartu izan duten saltokiak honako auzune hauetakoak dira: Uribarri, Txurdinaga, Santutxu, San Ignazio, Rekalde, Otxarkoaga, Indautxu, Deustu, Basurto, Bolueta, Abando, Alde Zaharra, Ametzola eta Bilbo Zaharra.

Xabier Ochandianok Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotziak saltoki finalistak bisitatu zituen pasa den asteartean. Bertan Ochandianok helarazi zuenez: «Bilboko Udalak tokiko merkataritzaren garrantzia eta hurbiltasuna ikusarazi nahi du, ekonomiarako eta enplegurako aktibo gisa, eta Bilbo jasangarria garatzeko estrategiako lehentasuneko sektore gisa ere bai».