https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak euskara hirian sustatzeko elkarlan akordio bat onetsi dute

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak euskara hirian sustatzeko elkarlan akordio bat onetsi dute

Hitzarmen honen bitartez Udalak 63.000 euroko diru-laguntza emango dio Euskaltzaindiari

UNAI SARRIUGARTE

Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak euskara hirian sustatzeko elkarlan akordio bat onetsi dute. Hitzarmen honen bitartez Udalak 63.000 euroko diru-laguntza emango dio Euskaltzaindiari. Akordioa pasa den astelehenean, uztailak 15, onetsi zuten Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak Arabako hiriburuko udaletxean egindako agerraldi publikoan.

Duela 23 urte sinatu zuten Euskaltzaindiak eta Gasteizko Udalak lehendabiziko lankidetza hitzarmena eta harrezkero urtero berritzen dute akordioa. Bi ildo nagusi jorratzen ditu nabarmenki elkarlan honek: batetik, Euskararen Akademia Ofizialak aholkularitza linguistikoa eskaintze dio Udalari; bestetik, erakunde biak udalerriko toponimia proiektuan elkarlanean aritzen dira.

Gorka Urtaranek azken 23 urteotan Udalak eta Euskaltzaindiak euskararen alde egindako elkarlana nabarmendu zuen. Bere esanetan akademiak Gasteizen euskararen erabilera eta ezagutza areagotzen izugarri lagundu egin du. Alkateak helarazi zuenez: «Gasteizek, Euskadiko hiriburua den aldetik, euskararen hiriburua izan behar du. Gure hizkuntzarekin konprometituta gaude, lehentasun bat baita guretzat». Urtaranek euskara euskaldunen «harribitxi» gisa definitu zuen.

Andres Urrutia euskaltzainburuak bi erakundeen arteko elkarlana goraipatu zuen. Bere esanetan: «oso baliagarria izan da azken urteotan Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak batera egindako lana, hirian eta Araba osoan euskara eta euskal kultura sustatzeko ezinbestekoa izan baita«. Urrutiak gaineratu zuenez gai zehatzetan egiten dute lan, toponimian eta euskalgintzan batez ere.

Hitzarmenaren berriztatzeari esker, Elena Martinez de Madinak koordinatzen dituen Gasteizko toponimiaren inguruko lanekin jarraituko da, eta aurten berritasun gisa, Jungitu, Zerio, Estibaliz, Lubinau eta Uribarri Arratzua toponimoen deskribapenak jorratuko dira.