https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko XI. Telebista Jaialdiak ikus-entzun sektoreko profesional onenak bilduko ditu berriz irailean

'La Resistencia' sasioko Grison, Jorge Ponce, Ricardo Castella eta David Broncano./Jesús Andrade
'La Resistencia' sasioko Grison, Jorge Ponce, Ricardo Castella eta David Broncano. / Jesús Andrade

Bisitariek hainbat mahai-inguru eta tailerrez gozatzeko parada izango dute

UNAI SARRIUGARTE

Gasteizko XI. Telebista Jaialdiak ikus-entzun sektoreko profesional onenak bilduko ditu irailean. Bertan kate generalistek udazken-neguko denboraldirako egin dituzten apustu handienen estreinaldiak aurkeztuko dituzte. Aurten berriro ere sektore honetako profesional onenak bertaratuko dira Gasteizera. Bisitariek hainbat mahai-inguru eta tailerrez gozatzeko parada izango dute.

Aste hasieran burutu zuten aurtengo FesTVal jaialdiaren programazioaren aurkezpena. Bertan Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta FesTVal jaialdiaren zuzendari Joseba Fiestras egon ziren hurrenez hurren.

FesTValak erakargarri bikoitza aurkeztu du: batetik, publiko orokorrarentzat oso erakargarria da, gertutik ikusi ahal baitituzte modako aktore, aurkezle eta izarrak; bestetik, profesionalentzat, telebistarekin lotutako askotariko gaietan azken joerak eta aurrerapenak ezagutzeko aukera ezin hobea da.

Music Library-k telebista formatuetan erabiltzen den produkzio-musikari buruzko hitzaldia antolatuko du, eta zenbait telesail eta programen adibideak emango ditu aditzera: 'Lazos de Sangre', 'La Vall', 'Boca Norte', 'Paquita Salas', 'Los Hombres de Paco' edota 'Les de l'hoquei' esaterako.

Beste arlo batzuk ere izango ditu hizpide hitzaldiak: ekoizle eragilearen eta musika gainbegiralearen rolak, produkzio-musikaren irabaziak, sinkronizazioa, copyrighta, lizentziak, eta abar.

FesTValaren beste ekitaldi bat Lavinia taldeak antolatutakoa izango da. Laviniak ahots-laguntzaileentzako edukiak sortzen dihardu aspalditik, naziortean egun oso ospetsu bilakatu direnak. Ekoiztetxeak mahai-ingurua jorratuko du ahots-laguntzaileen alorrean gertatzen ari den nondik-norakoen berri emateko helburuarekin.

Gainera, Alma Espainiako gidoilarien sindikatuak telebista-programen gidoilarien estatuko topaketa egingo du 2019ko FesTValaren barruan. Mahai-inguru bat antolatuko dute eta zenbait idazle famatuk esku hartuko dute bertan. Programa eta formatu arrakastatsuak sortzeko erronkak izango ditu hizpide jarduera honek.