https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak instagramerrentzako lehiaketa bat antolatu du

SERGIO EGUÍA

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) beste argazki-lehiaketa bat antolatu du bertako zein kanpoko instagramerrentzat, sare sozial horretan hiriko Eraztun Berdea osatzen duten parke eta espazioetako txokoen irudiak partekatu ditzaten. Udalak Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko sustatu dituen jardueretako bat da hori, egunero bertara hurbiltzen direnen askotariko begiradak agerian utzi eta onenak hautatzearren. Hautatutako argazkiak '#EraztunBerdeak25urte ospatzeko begiradak' erakusketan ikusi ahalko dira, zeina maiatzaren 24an inauguratuko baita Ataria interpretazio zentroan. Gasteiz eta Arabari buruzko Salimos hoy! plataformarekin batera antolatu da lehiaketa, zeinaren Instragameko profilak 7.000 jarraitzailetik gora baititu.

Gaurtik aurrera, parte hartu nahi dutenek Instagramen sar ditzakete beren argazkiak edo fotomuntaketak, traola hauek erabiliz: #anilloverde+25, #vg_ataria eta #SalimosHoy. Gasteizko Eraztun Berdeko gune naturalak, edo izadiaren babesarekin bateragarriak diren jardueretan gune horiez gozatzen ari den jendearen argazkiak onartuko dira. Sare sozial horretan aurretik jarritako irudiak ere onartuko dira, eta azken eguna apirilaren 30a izango da. Ondoren, epaimahaiak 9 irudi aukeratuko ditu, eta horien artean banatuko dira lehen, bigarren eta hirugarren sariak zein sei akzesit; IGIren, urteurrenaren ospakizuna antolatzen duten agenteen eta Salimos Hoy! plataformaren kideek osatuko dute epaimahaia. Orobat, astero “asteko argazkia” aukeratu eta argitaratuko da. Irudi guztiak erakusketa batean jarriko dira ikusgai, Atarian, 2018ko maiatzaren 24tik uztailaren 8ra.

300 euro eta ibilaldia Salburuko hezegunean barrena

Epaimahaiaren epaia 2018ko maiatzaren 2an jakinaraziko da @SalimosHoy eta @vg_ataria profiletan, zeinetan argazki irabazleak argitaratuko baitira, egileen izenekin batera. Hauxe izango da lehen saria: 300 euro, eskudirutan; bale bat IGIren agendako hiru jardueratan parte hartzeko; 5 pertsonentzako ibilaldia Arkautiko hezegunean barrena, eta tokiko elikagaien kaxa bat. Bigarren irabazleak sari hauek jasoko ditu: 200 euro, eskudirutan; bale bat IGIren agendako bi jardueratan parte hartzeko, eta tokiko elikagaien kaxa bat. Hirugarrenak, berriz, sari hauek irabaziko ditu: 100 euro eskudirutan; bale bat IGIren agendako jarduera batean parte hartzeko, eta tokiko elikagaien kaxa bat. Sei akzesiten irabazleek (Eraztun Berdeko parke bakoitzeko bat) IGIren agendako jarduera batean parte hartzeko bale bana jasoko dute.

Irabazten duten argazkien erakusketaren inaugurazioa Eraztun Berdearen 25. urteurrena ospatzeko jarduera nagusietako bat izango da; izan ere, urteurrenean herritarrek naturgune horietaz duten ikuspegia eta horiei egiten dieten ekarpena oso presente egotea nahi da, duten gizarte dimentsioa eta lurraldea eta biztanleak kohesionatzeko balioa agerian uzteko. Gainera, lehiaketako irudiak partekatzeko Instagram plataforma erabiltzeak lehiaketaren zabalkundea biderkatzen lagunduko du, tokiko mailan zein estatuan eta nazioartean. Interesdunek Udalaren web-orrian kontsultatu ditzakete oinarriak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos