https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizko Francisco Vitoria domina emango diote Save the Children erakundeari, haurren alde egindako lanagatik

Save The Children erakundearen bulegoa./
Save The Children erakundearen bulegoa.

Giza eskubideak aldezten eta demokrazia, bake eta nazioarteko elkartasunaren balioak nazioartean sustatzen nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz erakundeen merezimendurik gailenei gorazarre egitea du xede sariak

EL CORREO

Haurren eskubideen alde lan egiten duen Save the Children erakundeari emango diote aurten 2019ko Francisco Vitoria domina. Giza eskubideak aldezten eta demokrazia, bake eta nazioarteko elkartasunaren balioak nazioartean sustatzen nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz erakundeen merezimendurik gailenei gorazarre egitea du xede sariak, eta Gasteizko Udalak bi urtean behin ematen du.

Deialdi bakoitzean, Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideari eta Nazioarteko Harremanei buruzko Ikastaroetako batzorde zientifikoak hiru hautagaitza proposatzen ditu sariaren hartzaile izateko. Urtarrilaren 11an egindako bilkuran, batzorde zientifikoak aho batez erabaki zuen hautagai gisa proposatzea Human Right Watch (Giza Eskubideen Behatokia), Save the Children eta Amnesty International erakundeak.

Orain, ostegunean egindako Bozeramaileen Bileran, Gasteizko udal talde guztiek erabaki dute Save the Children erakundeari ematea Francisco Vitoria saria. Izan ere, erakundeak haurren eskubideen alde lan egitea du helburu.

Save the Children 1919an sortu zuten, I. Mundu Gerraren osteko milioika haur iheslari eta desplazaturi laguntzeko. Gaur egun, 120 herrialdetan 55 milioi haurri baino gehiagori laguntzen die, haurren osasun, nutrizio, larrialdietako laguntza, indarkeria, hezkuntza, eskubide, salerosketa, lan esplotazioa eta GIB-hiesaren alorretan programak eginez. Euskal Autonomia Erkidegoan 2004tik dihardu lanean erakundeak, eta pobreziako eta gizarte bazterketako egoeran dauden 800 bat haurri lagundu die. Bulegoa du Gasteizen.

Temas

Euskera