https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek zurrumurruen kontrako agenteen bigarren udal sarea abian jartzeko asmoa du, Salburuan

SERGIO EGUÍA

Udalaren ekimenez, Gasteizek zurrumurruen kontrako agenteen bigarren sarea jarriko du abian udaberrirako, Salburuan. Pilar-Iparralde inguruan osatutako lehen sareak urratutako bidea positiboa izan delarik, Udalak Salburura zabalduko du eraldaketa eta sentsibilizazio estrategia hori, zurrumurru faltsuak sorrarazten eta kulturen arteko bizikidetzari kalte egiten dioten estereotipo negatiboak desaktibatzeko xedez.

Pilar, Gazalbide, Aranbizkarra, Lovaina, San Martin, Txagorritxu, Iparralde eta Zaramaga barrutietan egin zen bezala, Salburuan ere inguruaren mapa osatuko da eta agente posibleekin harremanetan jarriko; horiek estrategiari eta zenbait komunikazio-trebetasuni buruzko prestakuntza-ekintza batean hartuko dute parte, agenteen sare berria behin betiko osatu aurretik.

Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotzi Nerea Melgosak gaur iragarri du agintaldian sustatu den Zurrumurruen kontrako Estrategiaren barruan aurreikusitako ekimena, eta eskertu egin du “askotariko pertsonen inplikazioa, haiek baitira ekimen honen benetako potentziala arlo askotara iritsi ahal izateko. Lehen sarean, hainbat arlotako ordezkariek hartu dute parte: hezkuntza formala eta ez-formala, elkarteak, osasuna, auzo elkarteak eta atzerriko jatorria duten pertsonen elkarteak. Zalantzarik gabe, hori aberasgarria da estrategiarentzat, agente horiek ikasitakoa beren lan-esparruetan zabaldu eta errepikatzen duten neurrian”.

Poltsikoko argudio-multzoa “eramaten ez uzteko”

Nerea Melgosak zurrumurruen kontrako estrategiaren bilakaeraren oso balantze positiboa egin du, “urte eskas batean dagoeneko emaitza positiboak eman baititu, Ikuspegi behatokiak berak egiaztatuak”.

Sareak egindako lanetako bat hiriko auzo horietan nagusi diren zurrumurruak identifikatzea izan da, eta gezur eta estereotipoei aurre egiteko argudioak lantzea. Lan-taldeak alor hauekin lotutako zurrumurruak nabarmendu ditu, eta horien kontrako argudioak landu: gizarte laguntzak eta dei-efektua, ikastetxeen maila, integrazio eza eta herritarren segurtasun eza. Gaur aurkeztu da zurrumurruen kontrako agenteek baliatuko duten poltsikoko argudio-multzoa, aurreiritzi eta uste negatibo horiei informazioz eta datuz aurka egin diezaieten. “Herritarrei eskatzen diegu informatzeko eta eramaten ez uzteko”, azaldu du Bizikidetza eta Aniztasuneko zinegotziak.

Gasteizko zurrumurruen kontrako estrategia Pilar-Iparralde barrutian hasi zen garatzen, 2016ko amaieran, gizartean migrazioari eta atzerritik etorritakoei buruz dauden estereotipo negatiboak eta gezurrezko zurrumurruak desaktibatu nahi dituzten pertsonen sareak osatzeko helburuarekin. Zurrumurru horiek geldiaraztea da asmoa, jarrera baztertzaile eta xenofoboak sorrarazten baitituzte, eta aniztasunezko bizikidetza zailtzen.

Zurrumurruen kontrako udal Estrategiaren beste zutabeetako bat udal zerbitzuetako langileen prestakuntza da. Horretaz gain, Bizikidetza Zerbitzua bestelako ekintzak azkentzen ari da beste zerbitzu eta sail batzuekin batera.

Arrazagatiko Diskriminazioaren kontrako Eguna zela eta 2016ko martxoaren 21ean Gasteizko Udalbatzak hartutako konpromiso politikoaren parte da estrategia, hain zuzen ere, bizikidetzaren, aniztasunaren eta edozein motatako diskriminazioaren kontrako konpromisoa, baita aniztasunaren kudeaketa publikoaren aldeko apustua ere, kulturartekotasuna ardatz hartuta.

Bide horretatik emandako lehen pausoetako bat izan zen Gasteiz Zurrumurrurik Ez euskal sareari atxikitzea, 2016ko martxoaren 23an. Hainbat antolakunde, gizarte entitate eta erakunde publikok hartzen dute parte sarean.

Gasteizerako Zurrumurruen kontrako Estrategiaren asmoa da “datozen urteetan hiri osora zabaltzea, sarearen osaera askotarikoa eta zabala izatea, eta haren etengabeko lanari esker, hiri kohesionatua lortzea, eguneroko bizikidetzari eragiten dioten estereotipo, aurreiritzi eta bazterkeriarik gabea”, nabarmendu du Nerea Melgosak.

Orain arte bildutako zurrumurruen kontrako agenteak

Entitate eta erakunde hauetako kideak dira sarearen agente: Kolonbia-Euskadi elkartea, Bizigarri Zaramaga auzo elkartea, San Martín auzo elkartea, Aranbizkarreko ikastolako guraso-elkartea, Luis Dorao HLHIko guraso-elkartea, Berri elkartea, Gazalbideko Merkatarien Elkartea, Azterlariak, Jesu Kristo Berpiztuaren eta San Martineko parrokietako CARITAS, Paulo Freire HH, Txagorritxu ospitalea, Koldo Mitxelena BHI, Abendaño ikastola, Aranbizkarra ikastola, Landazuri ikastola, IRSE-Araba, ACCEM GKE, Save the Children GKE, San Martineko parrokia, SERSO San Viator GGKEaren 'Ikastetxetik Auzora' proiektua, Tejiendo Vitoria; horietaz gain, inguruko auzoko bat, migrazioetan aditua.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos