https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek udazkenean estreinatuko du TAO telefono mugikorrez ordaintzeko sistema

SERGIO EGUÍA

Udazkenetik aurrera, TAOren erabiltzaileek ez dute parkimetroraino joan beharrik izango hiriko aparkaldi mugatuko lekuetan aparkatzeko txartela eskuratzera. Izan ere, TAO telefono mugikorrez ordaintzeko sistema bat jarriko du Udalak ordurako. Aplikazio baten bitartez ordaindu ahalko da dagokion tarifa, eta oraingo ordainketa metodoak ez dituen beste abantaila batzuk ere eskainiko ditu.

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du ordainketa sistema telematikoa ezartzeko lehiaketa, Herritarren Segurtasunaren Sailak azken hilabeteetan landu duen proiektuari jarraituz. «TAO modernizatu eta erabilera erraztu nahi genuen, erosoagoa eta eraginkorragoa bihurtu, bai erabiltzaileentzat bai udal-administrazioarentzat», azaldu du arloko zinegotzi ordezkari Carlos Zapaterok.

Telefono adimentsuaz ordaintzeko, nahikoa izango da dagokion doako aplikazioa deskargatzea Play Store eta App Store plataformetan —Android eta IOS sistementzat, hurrenez hurren—. Besteak beste, aukera hauek emango ditu aplikazioak: zerbitzuan alta eta baja eman, aparkatzeko denbora erosi, erositako epea luzatu, baimendutako denbora gainditzeagatiko salaketa baliogabetu, edo ordainketa-egiaztagiria lortu. Gainera, erabiltzaileari alerta bat bidaliko dio erositako denbora bukatzear dela ohartarazteko, baita salatu dutenean ere.

Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Carlos Zapaterok aurreratu duenez, «erabilera erraza eta intuitiboa izango du. Gidariek aparkatzeko lekua aurkitzeaz baino ez dute kezkatu beharko, ez baitute parkimetrora joan beharrik ere, ez txartela ateratzeko, ez berritzeko, ezta salaketa baliogabetzeko ere. Bukatu dira gutun-azalak eta postontziak».

Espainiako hiri askotan ezarri da dagoeneko TAO telefono mugikorraren bidez ordaintzeko sistema. Gasteizen aparkaldi mugatua Udalak berak kudeatzen du, ez kanpoko enpresa batek, eta horrek sistema ezartzea zailtzen duenez horregatik ez da oraindik gauzatu.

Beste hiri batzuetan gidariek gainordain txiki bat ordaindu behar dute tarifaz gain, baina Gasteizen ez dute ordaindu beharrik izango aplikazioa erabiltzeagatik. Sistema berriak telefono mugikorrez eskaintzen dituen funtzio berak web-orri batean ere erabili ahalko dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos