https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Eskola segregazioa eta hiri hezitzailea' gaiaren inguruko sarea koordinatuko du Gasteizek

Halaxe erabaki du RECEren batzar nagusiak Lleidan egindako XIII. topaketan

SERGIO EGUÍA

Gasteizek beste bi urte segituko du Estatuko Hiri Hezitzaileen Sarearen jarraipen-batzordean, zeina Sevillak koordinatuko baitu 2018-2020 aldian. Horretaz gain, aldez aurretik aurkeztutako lana dela medio, 'Eskola segregazioa eta hiri hezitzailea' gaiaren inguruko sarea koordinatuko du gure hiriak.

Halaxe erabaki du RECEren batzar nagusiak Lleidan egindako XIII. topaketan; orobat, Sevillarekin batera batzordean izango diren beste hamar kideak hautatu dira, Gasteiz horien artean.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto izan da buru ordezkaritzan. Hark nabarmendu duenez, topaketak balio izan du «batetik, beste hiri batzuetan zer egiten duten ikasteko, beraz, alde horretatik aberasgarria izan da; bestetik, gure Hezkuntza Zerbitzuak egiten duen lana kanpotik izugarri balioesten dela konturatzeko, Espainiako udalerri guztientzat erreferentzia baita».

Cantok nabarmendu duenez, Gasteiz «segregazioaren kontrako borrokan inplikatuta dago, eta hori ez da bakarrik hirian ezagutzen den zerbait, agintaldi honetan egin dugun lanagatik, RECE osoak aitortzen duen zerbait baizik». «Ildo horretatik —erantsi du—, desberdintasunak nola murriztu aztertzeko egin dugun programagatik zein atzo aurkeztutako konpentsaziorako plan pilotuagatik, RECEk gaiari buruzko sarea garatu dezagun nahi du, eta hori pozik egoteko modukoa da, eta bide beretik jarraitzeko akuilua».

Lehenengo eta behin, koordinatzen diren udalerrien artean segregazioa zer den definituko dute, eta ondoren, arazoari nola heldu dakiokeen aztertuko dute, lana 2020an aurkezteko.

Beste sareak eta koordinatzaileak hauek izango dira: 'hiri hezitzailea eta turismo arduratsua' (Bartzelona); 'balio hiria, hiri hezitzailea' (Bilbo), 'hiri adiskidetsuak tratu onetan hezten' (Avilés) eta 'garapen iraunkorreko helburuak haurren inplikazioarekin' (Lleida).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos