https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteiz Hip Hop gaua izango da larunbatean, Hell Doradon

Gazte bat, hip-hopa dantzatzen./
Gazte bat, hip-hopa dantzatzen.

Kloy talde gasteiztarra eta Shintoma taldeak arituko dira kontzertuan 22:00ak aldera

PAUL PICADO

Hip Hopa gustukoa baduzu, larunbatean erritmo hoberenaz gozatzeko aukera izango duzu, izan ere, Gasteiz Hip Hop gaua ospatuko da Hell Doradon. Aretoko ateak 22:00etan irekiko dituzte eta kontzertu horretan Kloy talde gasteiztarra eta Shintoma taldeak arituko dira. Sarrera doan izango da.

Kloy rap abeslaria, berez, César Pastor gasteiztar gaztea da. 30 urte izan arren, musika-jarduera luzea du dagoeneko. Bere lehen maketa 2004. urtean kaleratu zuen, eta handik bost urtetara lehen bilduma atera zuen. Iaz bere azken lana heldu zitzaigun, '21 g SIN KORTAR' izenekoa, eta Gasteizen bertan grabatu eta masterizatu zuen.

Bere arloko artista handien hasierako kantaria izan da, hala nola El Barrio, Baron Rojo, Xhelazz, Doble V edo Hablando en Plata taldeena. Halaber, nazioarteko beste talde batzuekin batera ere aritu da, besteak beste, Push Up!, Trombone Shortis eta IAM taldeekin Black & Basque de Bayonne jaialdian, edo Alice Francis-ekin Zuricheko Polyball jaialdian.

Larunbateko kontzertuan Dj Nead gasteiztarrarekin elkartuko da, biek Hip Hop kultura oso gustukoa dutelako. Proiektu dinamikoa dela ziurtatu dute eta prestatu duten musika-saioan raparen historia azalduko dute, hastapenetatik, gaur egun arte.

Bestalde, Shintoma bilbotarra dugu, berriki Euskal Herriko eta Errioxako abeslari eta talderik onenaren saria irabazi duena Villa de Bilbao Lehiaketaren Urban kategorian. Abeslaria izateaz gain, Shintoma trebetasun handia du Freestyle edo inprobisaziorako. Horrela, 2007. eta 2008. urteetan Red Bull Batalla de Gallos lehiaketan finalista izan zen, eta 2007. eta 2008. urteetako Bartzelonako Hipnotik Jaialdian taldeen lehian irabazi zuen. Estatu osotik egindako lehiaketa batzuetan ere irabazi du. Inprobisazioarekin lotuta, BertsoHopeko zenbait erakustalditan parte hartu du. Hor, rapa eta bertsolaritza uztartzen dira.

Guztira, sei lan kaleratu ditu. Lehenengoa, 2008. urtean plazaratu zuen, 'Cirujanos' izenekoa. Bigarrena, handik lau urtetara kaleratu zuen, 'Expresión al natural' izenekoa, eta bakarrik egin zuen lehen lana izan zen. Bere azken proiektua iazkoa da, 'Lyrical Freak' izenekoa, eta Dj Zeusen laguntza izan du «Real Facts» kantan.

Temas

Euskera