https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteiz ekonomia sozial eta iraunkorraren hiriburu bihurtuko da bi egunez

SERGIO EGUÍA

Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta NESI foroaren zuzendari Diego Isabel La Monedak NESI Klima foroa aurkeztu dute, zeina maiatzaren 9an egingo baita Europa biltzar-jauregian. Nazioarteko ospea duten adituek hartuko dute parte hitzorduan, ekonomia berria, berrikuntza soziala eta klima-aldaketari maila lokalean aurre egiteko irtenbideak hizpide dituztelarik.

«Agintaldi honen hasieratik pausoak eman ditugu udal politikak iraunkortasun hirukoitzaren bidetik joan daitezen. Ingurumenari lotua ez ezik, iraunkortasun ekonomikoa eta soziala, pertsonak tokiko ekintzaren erdigunean jarriz. Berrikuntza sozialean aitzindariak izaten ari gara, baita kopartaidetza eta kosorkuntza proiektuetan ere, eta maiatzean hirian egingo dugun foroaren bidez, Gasteizek bidea markatzen jarraitu nahi du eredu ekonomiko bidezkoagoa diseinatzen», azaldu du Nerea Melgosak.

Global Hub for the Common Good fundazioa eta NESI (Nuevas Economías e Innovación Social) foroa 'Ekonomia berriak eta berrikuntza soziala klima-aldaketari egokitzeko tresna gisa' gaitzat duen azterketa lantzen ari dira. Gasteizen maiatzaren 9an Gasteizko Udalaren laguntzarekin egingo den NESI Klima foroan aurkeztuko dira azterketa horren emaitza nagusiak, eta parte-hartzaileekin batera, galdera hauei erantzuten saiatuko dira: nola lagun dezakete ekonomia berriek klima-aldaketa aritzen eta horri moldatzen?; zein proposamen eta jardunbide egoki zehatz proposatzen dizkigute?; nola aplikatu sektore gakoetan: energia, industria, mugikortasuna, hirigintza, eraikuntza, turismoa edo finantzak?; zein dira udalek egin beharreko lehen urratsak proposamen horiek aplikatzeko?

Zer da NESI?

'Global Hub por el Bien Común' fundazioa irabazi-asmorik gabeko antolakundea da, NESI (Nueva Economía e Innovación Social) markaren bidez ezaguna. Think-do-be tank bat da, zeinaren helburua baita «ekonomia berria kosortzea, iraunkorragoa, bidezkoagoa, demokratikoagoa, eta pertsonengan zentratua».

2017ko apirilean, Ekonomia Berriari eta Berrikuntza Sozialari buruzko Foro Globalean, «mugimendu ekonomiko berriak» deritzonen nazioarteko ordezkari nagusiak bildu zituen NESIk Málagan, lehenengo aldiz historian. Lau egun iraun zuen Foroak, eta 35 herrialdetako 600 parte-hartzaile baino gehiago bildu ziren bertan, gizartearen hiru sektoreak —pribatua, publikoa eta zibila— ordezkatuz. Lau gai nagusi aztertu ziren: dirua birpentsatzea (bankaren eta finantzen etorkizuna); guztion ongiarentzako antolakundeak birmoldatzea; globalizazioa eta lokalizazioa, eta hezkuntza eta ikaskuntza.

NESI Klima foroa

NESI Klima foroa topaketa eta partaidetza gunea izango da, ekonomia berriek klima aldaketaren erronkari aurre egiteko dituzten proposamenak ezagutu nahi dituztenentzat: udal teknikariak, tokiko eta eskualdeetako administrazio publikoen ordezkariak, enpresak, GKEak, unibertsitateak, ikerketa zentroak eta herritarrak.

Izen-ematea doakoa da. Parte-hartzaileek bereiz eman beharko dute izena aurretiazko jardunaldirako (maiatzaren 8an, asteartea) eta NESI Klima fororako (maiatzaren 9an, asteazkena). Maiatzaren 9rako izen-emateak bazkaria barne hartzen du. Hori dela eta, foroaren aurretik berriro asistentzia berresteko eskatuko da.

Foroa Gasteizko Europa biltzar jauregian izango da, maiatzaren 8an eta 9an. Hilaren 8an, 17:30etik 20:30era, eta 9an, 08:30etik 18:30era.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos