https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Garbiguneak informatizatzeko proba pilotu bat abiatu du Bizkaiak

Proba hiru hilabetez egingo da, astelehenetik igandera, Durango, Getxo, Markina, Mungia eta Santurtziko garbiguneetan

ELCORREO.COM

Garbiguneak informatizatzeko proba pilotu bat jarri du martxan Bizkaiko Foru Aldundiak urtarrilean, instalazio horiek emandako zerbitzua hobetzeko helburu nagusiarekin. Proba hiru hilabetez egingo da, astelehenetik igandera, Durango, Getxo, Markina, Mungia eta Santurtziko garbiguneetan web plataforma bati konektatutako gailu elektroniko baten laguntzarekin. Hala, puntu garbi horietako langileek erabiltzaileei eta bertan utzitako hondakinei buruzko datuak jasoko dituzte.

Elena Unzueta Bizkaiko Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak Garbiker enpresa publikoak garatutako proba pilotua aurkezteko agerraldia egin du asteazken honetan, Mungiako garbigunean, Josu Bilbao Garbiker sozietate gerentearekin batera. Azaldu duenez, 1997an Basaurin lehen garbigunea martxan jarri zenetik, instalazio horiek izan duten bilakaerak eta hazkundeak egungoak eguneratuko dituzten kudeaketa neurri gehiago ezartzeko beharra sortu dute.

«Herritarren zerbitzuan gaude, eta, beraz, ahalik eta ahalegin handiena egin behar dugu eskaintzen ditugun zerbitzuek kalitate handiko estandar egokituak izateko. Horrek berekin dakar, batetik, teknologia berriak prozesuetan sartzea eta, bestetik, egiteko modu berriak ezartzea», azaldu du.

Hondakinen erregistroa

Ekimenak hiru arreta gune ditu: erabiltzaileak, hondakinak eta Bizkaiko puntu garbien funtzionamenduaren araudia. Helburuei dagokienez, bertara sartzen den erabiltzaile motari eta bere kolektiboari buruzko informazio jaso nahi da, instalazioen publiko objektiboarekin bat datorren egiaztatu ahal izateko. Gainera, sartzeko ordutegi ohikoena eta garbiguneen erabileraren maiztasuna finkatzea bilatzen da, emandako zerbitzua benetako eskariarekin bat datorren zehazteko.

Proba pilotuaren beste helburu batzuk dira jasotako hondakinen sarrera kontrolatzea, instalazioetara eramaten den hondakin motaren berehalako erregistroa izatea eta araudia gaur egungo egoeran egokia den egiaztatzea.

Proba pilotua abian jarrita, garbiguneetako langileek bertara sartzen direnei instalazioan zer hondakin mota utziko duten galdetuko diete eta NAN txartela ere eskatuko diete, garbigunea erabiliko dutenak identifikatzeko asmoz. Gainera, puntu garbietako langileek garbiguneetako irteerak ere erregistratuko dituzte.

Ekimenak iraungo dituen hiru hilabeteetan batutako informazioarekin, sistema lurraldeko garbigune sareko gainerako puntuetara zabaltzeko aukera aztertuko da. Horrekin batera, zerbitzua hobetzeko aplikatu beharreko hobekuntzak zehaztuko dira, hori baita esperientzia pilotuaren azken helburua.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos