https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ganaduarentzako 200.000 m2 berdegune, belarra moztearen truke

Ganaduarentzako 200.000 m2 berdegune, belarra moztearen truke

SERGIO EGUÍA

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri duenez, Udalak ia 200.000 metro koadro berdeguneko belarra ganaduarentzako bazkatzat baliatzeko aukera emango du, sega-lanen truke. Udal gobernuak, Tokiko Gobernu Batzarrean bilduta, udalerriko hainbat lursailetako belarra aprobetxatzeko jabari publikoaren erabilera berezirako lizentziak esleitzeko deialdia onetsi du. Deialdi publikoa egin eta enkante bidez esleituko da, eta esleipendunek lursailetako belarra moztu eta beretzat hartu ahalko dute.

Hiru multzo aterako dira lehiaketara, orain arte urtean behin segatzen ziren berdeguneei dagozkienak. Moztutako belarra udal mintegira eramaten zen, konpostatzeko. Gasteizko alkateak iragarri duen ekimenaren bitartez, «denok irabazten dugu. Abeltzainek, bazkarako belarra lortu ahal dutelako. Gogoan izan behar da belar hori mantentzeko produktu kimikorik erabili ez den berdeguneetan hazten dela. Eta Udalak ere irabazten du, segetarako erabiltzen genuen diru-kopurua beste inguru batzuetan mantentzea indartzeko erabili ahal delako», azaldu du Gorka Urtaranek. «Gainera, ‘green’ izaera argia duen ekimena da, tokiko nekazaritza eta abeltzaintza sustatzearekin eta lehen sektoreari laguntzearekin bat datorrena».

Eskaintzak martxoaren 12tik 23ra bitartean aurkeztu beharko dira; esleipendunek nahi beste sega egin ahalko dute urtean. Horietako bat, uztailaren 1etik 31ra bitartean egin beharko dute ezinbestez. Aprobetxamendua urtebeterako izango da, eta urtez urte luzatu ahalko da, gehienez lau urtetan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos