https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Galtzaileen bidea

Liburuaren azala./
Liburuaren azala.

'Gaur galtzea tokatzen da eta beste istorio batzuk' izenburuko idazlana oso markatutako bi zati dauzka

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Gotzon Hermosilla idazketa kontuetan hasi berria ez bada ere, literatura argitaratzeko orduan oso emankorra ez dela berehala konturatuko da irakurlea. Izan ere, oso gutxi dira bere eskutik heldu zaizkigun liburuak, narrazio libururen bat, kronika modukoren bat eta askoz gehiagorik ez. Oraingoan, 'Gaur galtzea tokatzen da eta beste istorio batzuk' izenburuko idazlana plazaratu du, narrazio liburu bat alegia. Emaitza hau ikusita, idazleak orain arte asko argitaratu ez duen arren, literaturan zertan dabilen ondo dakiela nabarmentzen da lehenengo orrialdeetatik.

Narrazio liburu honek oso markatutako bi zati dauzka. Lehenengoak liburuari izenburua eman dion narrazioaren izenburu berbera du, hau da, 'Gaur galtzea tokatzen da', eta izenburuan iradokitzen den bezala, munduan bazterrean egotea egokitu zaien pertsonaia batzuk aurkezten dira. Droga munduan dabiltzanak, aspaldiko ustezko loriak gogoratzen bizi direnak dira pertsonaia hauek. Adinean helduaroan murgilduta daude, baina oroimenean behin eta berriro berpizten dituzte 80ko hamarkadako urteak, haien gaztaroko urteak alegia. Idazlea literatur sistemaren marginalitatean kokaturik dagoen bezala, pertsonaiak gizartearen marjinalitatean aurkitzen dira. Beraien ingurua, bestalde, erasokorra da: lizun usaina, hondakinak, honelako osagaiak agertzen dira pertsonaien inguruan beren mundua markatuz. Edonola ere, idazleak jakin du denborak eskaintzen duen perspektiba gaineratzen, ironia azalduz. Bigarren atalean ('Eta beste istorio batzuk' izenburua duena) agertzen diren narrazioak heterogeneoagoak dira. Bigarren atal honetan ekialde urrunean gertaturiko istorioen ondoan agertzen dira Galizian kokatutako mundu magikoa bertaratzen dutenak. Hain desberdinak izanik ere, antzeko perspektiba agertzen da gehienetan, istorioetan kontatzen dena oroitzapena izango balitz bezala aurkezten baita, eta, jakina, hau egiten delarik, denboraren igarotzea oinarrizko osagaia dugu narrazio hauetan.

Gotzon Hermosillak oso gutxi argitaratzen du, eta pena da hala izatea, liburu honetan erakusten zaigun bezala, idazle guztiz interesgarria baita, gizakiaren arimaren tolesturetan arakatzen dakiena.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos