https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Galesa nola sustatu aztertzeko, Euskadira egin dute bidaia

Gales herrialdeko adituak, azalpen bat jasotzen./Irekia
Gales herrialdeko adituak, azalpen bat jasotzen. / Irekia

Interes berezia dute helduen euskalduntzearen alorrean EAEn egindako lana ezagutzeko, eta arreta jarriko diote, bestalde, Euskadiko unibertsitateetan euskarari ematen ari zaion trataerari

AMALIA IBARGUTXI

Gales herrialde elebiduna da. Ingelesa eta galesa hitz egiten dituzte, eta bi hizkuntzok parekotasun estatusa dute. Datu ofizialek hala diote, baina errealitatean, herritar gehienak ingelesez soilik mintzo dira. Galesaren galera apurka-apurka gelditzea ari dira lortzen, eta hizkuntza suspertzen laguntzeko neurrien bila, Euskadira egin dute bidaia hizkuntzaren arloan diharduten zenbait adituk.

Adituok adierazi dutenez, interes berezia dute helduen euskalduntzearen alorrean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egindako lana ezagutzeko, eta arreta jarriko diote, bestalde, Euskadiko unibertsitateetan euskarari ematen ari zaion trataerari. Asteazkenera bitarte, euskararen normalizazioan garrantzitsuak izan diren bi arlo horietan egiten denaren berri jasoko dute.

Hasteko, Donostian elkartu dira HABEren, UPV/EHUren eta Ilazki euskaltegiaren arduradunekin. Gero, Lazkaon (Gipuzkoa) Maizpide barnetegiko arduradunekin elkartuko dira hango lanen inguruan jarduteko. Azkenik, Mondragon Unibertsitateko zenbait irakaslerekin bilduko dira, eta azalduko diete zein den euskararen egoera unibertsitate mailan.

Zortzi aditu

Galesen, bertako hizkuntzari, 'Cymraeg' esaten diote, eta herrialdeari 'Cymru' deitzen diote, 'aberkideen lurra' esan nahi duena. Teoriazko ofizialtasun egoera badute ere ingelesak zein galesak, inkestek adierazten dute, gutxi gorabehera, galestarren %21 inguruk hitz egiten duela 'Cymraeg' hizkuntza, 750.000 hiztun inguruk guztira. Euskararen egoera eta Euskadin hizkuntza normalizaziorako burututako neurri eta ekimenak gertutik jarraitu dituzte, hizkuntza suspertzeko eta erabilera handiagotzeko lanetan ari dira eta.

Hori dela eta, zortzi lagunek egin dute Euskadira bisita. 'Canolfan Genedlaethol Dysgu Cymraeg', galesa ikasteko zentro nazionaletik Efa Gruffudd Jones exekutiboburua eta Helen Prosser pedagogi zuzendaria. Galesko Gobernutik, Dyfan Evans helduentzako galesarentzako finantzabideen arduraduna eta Catrin Redknap iIkerketa unitatekoa.

'Coleg Cymraeg Cenedlaethol' Galeseko Unibertsitate Nazionaletik, Rhain Jones zuzendaritzako taldeburua bertaratu da, eta Canolfan Gwrtheyrn barnetegitik, Huw Jones zuzendaritzako batzordekidea eta, baita ere, Huw The Welsh Language telebista kanaleko batzordekidea. Iwan Gruffydd BBCko kazetariak ere BBC telebista kate publikorako bisitaren berri jasotzeko asmoa du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos