https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Galdakaoko Txirrindulari Elkarteak etxeko txikienei bideratutako gela pedagogikoa jarri du abian

Ume bat, bizikleta gainean./Fotolia
Ume bat, bizikleta gainean. / Fotolia

Ekimen hau txirrindulari gaztetxoen hastapenetarako erabiliko da

UNAI SARRIUGARTE

Galdakaoko Txirrindulari Elkarteak etxeko txikienei bideratutako gela pedagogikoa jarri du abian. Ekimen hau txirrindulari gaztetxoen hastapenetarako eta etxeko txikienen artean jarduerak sustatzeko erabiliko da. Elkartearen zuzendaritza-batzorde berriak egingo duen erronketako bat izango da egitasmo hau.

Elkarteak orain dela urte batzuk Galdakaon izandako txirrindularitzaren inguruko grina berreskuratu nahi du. Hortaz, udalerriak berriro ere harrobi-lan eta zalego bikaina izateko prozesuari buru belarri ekingo dio.

Egitasmo honetan Galdakao Txirrindulari Elkartearen Eskolan hezitako Igor Anton txirrindulari profesional ohiak hartuko du parte. Antonek nabarmendu duenez: «Modu bat da herriari nire esker ona itzultzeko, beti eman didan laguntzagatik, eta adin txikikoekin lan egitea modurik onena dela deritzot horretarako».

Proiektu berri honetako lehenengo ekintzak egunotan ari dira ospatzen. Bihar, ostiralean, Ginkana bat egingo dute Urreta Ikastetxean. Era berean, Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko kideek aholkuak emango dituzte parte hartu nahi duten haurren hastapeneko ariketa hauetan. Asteartean estreinatu zen egitasmo hau eta Urretako Kiroldegian haurrek hainbat ariketaz gozatzeko aukera izan zuten.

Estreinaldi honen ondoren, gela pedagogikoari jarraipena eman nahi izan zaio Ginkanaren ospaketarekin. Jarduera hau hilero egingo da, bi orduko saioan. Horretarako, 6 eta 12 urte arteko haurrek euren bizikletak eraman beharko dituzte. Izen emateak egun berean egingo dira edota asteazkenetan Galdakao Txirrindulari Elkarteak Santi Brouard plazan duen lokalean arratsaldeko 20:00etatik aurrera.