https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gala Knorr gasteiztarra, aurtengo Basauriko Otaola Bekaren garaile

Gala Knorr gasteiztarra, aurtengo Basauriko Otaola Bekaren garaile

Aurten 30 urte betetzen dituen diru-laguntzak, arte plastikoen eremuko prestakuntzan eta sorkuntzan laguntzea du helburu

UNAI SARRIUGARTE

Gala Knorr gasteiztarra 2019 urteko Basauriko Otaola Bekaren garaile bilakatu da. Aurten 30 urte betetzen dituen sariak, arte plastikoen eremuko prestakuntzan eta sorkuntzan laguntzea du helburu. Hori dela bide, diru-laguntza bat jasotzen dute bekaren irabazleek. Knorr 'Tumbleweeds' proiektuarengatik izan da saritua.

Artista gasteiztarrak lau hilabete emango ditu Pariseko Cité Internationales del Arts-en bere proiektua garatzen. Egonaldi hau irailetik aurrera izango da. Bertan Knorrek medio plastikoak eta ikus-entzunezkoak landuko ditu. Lau hilabeteko egonaldiaz gaindi, etxebizitza eta ikasketa-gastuak ordainduta izango ditu. Gainera, artistak 3.600 euro jasoko ditu bere gastu ezberdinetarako.

Behin lau hilabeteak igarota, egindako lanari buruzko memoria bisuala eta idatzia aurkeztu beharko du. Erakusketa hori Basaurin ikusgai egongo da. Era berean, irabazleak zenbait jarduera artistiko egin beharko ditu Basauriko ikastetxe edo kultur etxeetan, gazteenei arte garaikidea ezagutzera emateko helburuarekin.

Aurtengo deialdian 18 proiektu aurkeztu dira eta azkenean Gala Knörren lana hautatu du epaimahaiak. Epaimahia Basauriko zenbait artista eta pertsonai publikok osatu dute: Nora Pereda Basauriko Udaleko Kultura zinegotziak, Iker Serrano Kultur Basauriko ordezkariak, Bénédicte Alliot Cité-ko zuzendariak, Javier Gonzalez de Durana EHUn Historia Garaikideko irakasleak, Aitor Ortiz argazkilari eta artistak, eta Fernando Nieva Kultur Basauriko ordezkariak.

90. hamarkadaren hasieran jaio zen Otaola Beka. Garaikur hau Pablo de Otaolak sortu zuen 1990. urtean, bere aita Juanen omenez. Diru-laguntza hau Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren artista plastikoen prestakuntzan laguntzeko helburuarekin sortu zen. Sariaren 30 urte hauetan Euskal Autonomia Erkidegoko 32 artistek eskuratu dute.

Halaber, 2014an Otaola Bekak 25. urteurrena ospatu zuen. Hori zela bide, Eusko Jaurlaritzaren GureArtea saria jaso zuen, EAEn arte plastiko eta bisualei egindako ekarpenaren aintzatespen gisa. Diru-laguntza Otaola familiak finantzatzen du eta Basauriko Udalak kudeatzen du Kultur Basauriren bitartez.