Tantaka ere bete daitezke ontziak, baina egarriz dagoenari zaila egiten zaio ontzia gutxienez erdi betea dagoen arte itxarotea, turrustaka bete nahiko luke edalontzia, kolpetik. Kasu horretan pazientzia fabrikatu behar da, egonarria sortu.
Publicidad
Lan eginez konpon daitekeen arazoa ez da arazo, errepikatu izan dut norbait hezi behar izan dudanean. Gauza batzuk, ordea, ez dira lan eginez konpontzen, lana ez da aski, gauza horiek erremediorik ez dutelako edo animaliaren irrika baino gehiago landareen jarraikitasuna behar dutelako, denbora.
Landa dezaket zuhaitz izango den landarea, zain dezaket luzaroan baina agian fruituak ez ditut nik jasoko, ondorengoek baizik. Nire seme-alabentzat ari naiz lanean, jaten ditudan fruituak aurrekoek landatu zituztelako gozatzen ditudan bezala. Kate bat, erkidego bat.
Gaurko gizarteak, ordea, beste norabide batera bultzatzen zaitu, norberekoikeriara, ni, ni eta, ondoren, agian, nire ingururik hurbilena. Indar zentrifugo hori ez da sekula erabat desagertu. Orain hainbeste goraipatzen ditugun garaietan ere hor zegoen mezua, zaindu zeure burua eta zeure ingurukoena, gainerakoak, hor konpon. Ez sartu istilutan beste norbaiten izenean.
Arau horrek salbuespen nabarmen eta orokorra zuen: emakumea bazara, gutxienez egunean behin esan behar diozu zeure buruari zu ez zarela ezer, ez bada besteren zerbitzura dagoen gizakia. Ni ez naiz ezer, besteak guztia dira. Abnegazioa esaten zitzaion eta esaten zaio oraindik horri, zeure burua ukatu behar duzu besteren zerbitzura egon ahal izateko.
Publicidad
Tantaka, estropezuka, emakumeok ikasi dugu abnegazioa aukera izan daitekeela, ez, ordea, emakume guztion betebeharra. Eta horretan ari gara, nor bere erara, norberaren eta bestearen zaintzaren arteko orekaren bat lortu nahian. Eta ze zaila den oreka hori.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión