https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Andoni Gago Europar Batasuneko titulua eskuratzen saiatuko da Bilbon

Kerman Lejarraga eta Andoni Gago./Luis Ángel Gómez
Kerman Lejarraga eta Andoni Gago. / Luis Ángel Gómez

Otxarkoagako boxeolariak Kamil Laszczyk poloniarraren kontra borrokatuko du apirilaren 28an Bilbao Arena pabilioian. Ekitaldi berean, Kerman Lejarragak Europar titulua lortzen ahaleginduko da Bradley Skeete britaniarraren kontra

JAN ECHEVARRÍA

Europako boxeoaren hiriburu bilakatuko da Bilbo apirilaren 28an. Hau ez da kontu berria; izan ere, orain dela hilabete batzuk jakin izan genuen Kerman Lejarraga Europako welter pisuko titulua lortzen ahaleginduko zela Bizkaiko hiriburuan Bradley Skeete boxeolari britaniarraren kontra.

Aste honetan, dena den, MGZ promotorak helarazi du Lejarragarena ez dela izango Bilbao Arena pabilioian jokatuko den Europa mailako txapelketa bakarra. Zehazki, Andoni Gago, Otxarkoagako boxeolariak, Europar Batasuneko titulua eskuratzeko aukera izango du ekitaldi berean Kamil Laszczyk poloniarraren kontra.

Apirilekoa, beraz, aukera ezinhobea izango da 'Macho' ezizenarekin ezagutzen dugun boxeolari ausarta ring gainean berriro ikusteko. Kontuan izan, Gagok ez duela borrokarik egin abendutik. Une horretan, Victor 'Vikingo' Terrazas-ekin lehiatu zuen eta epaileek lehia moztea erabaki zuten burukada baten ondorioz. Borrokaldi baliogabea izan zen.

Baina nor da Andoni Gago? Bilboko boxeolariak 32 urte ditu eta ibilbide garrantzitsua 24 borrokaldirekin. Bere etapa profesionalean Espainiako txapelketa irabazi du lau alditan eta lehia izugarriak burutu ditu maila altuko aurkarien kontra. Horien artean, merezi du aipatzea Lee Selby, Viorel Simion Lorenzo Parra... eta, nola ez, Sergio Romeroren aurka izandako lehia izugarria, hamargarren asaltoan K.O bidez irabazi zuena. Hogeita lau borrokaldi horietatik 18 (5 K.O) irabazi, 3 galdu eta 3 baliogabetu izan ditu. Apirileko ekitaldian bere 19. garaipena lortzen saiatuko da.

Aurrean izango duen aurkariak, dena den, ez dio ezer oparituko. Hogeita zazpi urterekin, Laszczyk 24 borrokaldi egin ditu orain arte eta guztietan garaile atera da. Horietatik zortzi K.O bidez irabazi ditu.

Gerriko ospetsua

Hala ere, ekitaldi honen protagonista nagusia Kerman Lejarragak izaten jarraituko du. 'Morgako Errebolberra'-k hogeitalau borrokaldi ditu eta horietan guztietan irabazle izan da (19 K.O). Inoiz galdu ez duen borrokalari bizkaitarrak behin bakarrik galdu duen Bradley Skeete (27-1) Londresko boxeolariarekin lehiatuko du oraingoan, eta borrokaldi hori amaitzerakoan jakingo dugu behingoz nor den Europako 'Errege' berria eta, beraz, gerriko ospetsua non geratuko den ere bai.

Interesdunek jakin behar dute Gago eta Lejarragaren borrokaldiez aparte, beste zenbait lehia izango direla Bilbao Arena pabilioia ospatuko den ekitaldian. Ez ezazue pentsa eta anima zaitezte sarrerak erostera. Antolatzaileek azpimarratzen dutenaren arabera, gutxi barru agortuko dira eta.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos