Gadea Moja eta Naia Laso skater bizkaitarrak, final laurdenetara
Hegoa Zabalburuk ezin izan du sailkapen fasea gainditu
Ostirala, 6 urria 2023, 13:41
Atzo Peio Gonzalez eta Egoitz Bijueska skater bizkaitarrek Ostian (Erroma) ospatzen ari den Munduko Txapelketako final laurdenetara pasatzea lortu zutela kontatu bagenuen, gaur gure neskei buruz hitz egitea dagokigu, Naia Lasok eta Gadea Mojak balentria errepikatu dutelako eta txapelketan ere bete-betean sartuta daudelako, fase horretara ere pasa baitira.
Lehenengo txanda goizeko 9.15ean hasi zen eta bertan Gadea Moja eta Hegoa Zabalburu getxotarrek parte hartu zuten. Coco Crafter eta Jada Ward australiarrekin, Teresa Havlikova eta Anna Sedlarova txekiarrekin, Katie Pike britainiarrarekin, Mizuho Hasegawa japoniarrarekin, Maja Spatscheck norvegiarrarekin, Ceci Rendueles gijondarrarekin eta Daniela Terol kataluniarrarekin batera, 45 segundoko bi serieei aurre egin zieten.
Zabalburuk bi eroriko izan zituen lehen saioan, eta bigarrenean bere jarduna hobetu bazuen ere, oreka galdu zuen. Lehen saiakera 17.10eko puntuazioarekin baloratu zen, eta bigarrena 38.82koarekin. Getxoko riderrak 55. postuan bukatu du, beraz, ez du lehiaketan jarraituko. 28 onenak igaroko dira hurrengo fasera, eta sailkapeneko lau skater onenei gehituko zaizkie, dagoeneko sailkatuta baitaude gaurko txandan lehiatu beharrik gabe.
Gadea Moja, bere aldetik, lehen 45 segundoetan erori zen, baina bikain aritu zen bere bigarren parte-hartzean. Bere lehenengo txandan 50.73ko puntuazioa lortu zuen eta bigarrenean 76.10ekoa. Bigarren emaitza horri esker sailkapenaren gorengo tokian jarri da. Eta hirugarren txandako skaterren parte-hartzearekin lidergoa galdu zuen arren, zortzigarren postuan bukatu zuen, eta final-laurdenetara pastzeko.
Naia Lasok ere lortu zuen final-laurdenetarako txartela. Eguneko azken euskal lehiakidea ikusteko apur bat itxaron behar izan zen, izan ere, Munduko rankinga erreferentziatzat hartuta, Laso eguneko azken txandan lehiatzen zen, bosgarrenean. Bermeoko riderrak lehen saiakeran arriskatu zuen eta, azken fasean oreka galdu arren, 71.43 puntu jaso zituen. Hala ere, onena iristear zegoen. Bigarren saiakeran, bermeotarrak urduritasuna alde batera utzi zuen, pistara atera zitzakeen trikimailuak ziurtatu zituen, eta 'plantxatu' egin zuen (skateko argotean esan ohi duten bezala) txanda, 83.18 puntuzioarekin líder jartzeko. Horrela, Lasok eguneko puntuaziorik onena lortu zuen Munduko Txapelketa honetan garbi duen helburua betetzeko: 2024ko Pariseko Olinpiar Jokoetarako txartela lortzen lagunduko dioten puntuak batzen jarraitzea.
Ostiral honetan jokatuko dira Erromako Munduko Txapelketa honetan final-laurdenak, bai gizonezkoen lehian, bai emakumezkoenean. Egoitz Bijueska lehen txandan lehiatuko da (11:35), Peio Gonzalez bigarrenean (12:30), Gadea Moja hirugarrenean (19:25) eta Naia Laso laugarrenean (20:20).