https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gabriel Aresti gogoratuko dute Bilbon

Gabriel Aresti idazlea./
Gabriel Aresti idazlea.

Urriaren 11n egingo zaio omenaldia 'Euskal Harria' lanaren 50. urteurrena dela eta

JAN ECHEVARRÍA

'Gabriel Arestiren Euskal Harriak 50 urte' jardunaldiarekin idazle bilbotarraren ibilbidea gogoratuko dute urriaren 11n Bizkaiko hiriburuan, 'Euskal Harria' poema liburuaren 50. urteurrena aitzakiatzat hartuta. Plaza Berrian, Akademiaren egoitza nagusian, ospatuko da ekitaldia eta Euskaltzaindiak Bilboko Udalarekin urtero sinatzen duen hitzarmenaren ondorioetako bat da.

Arestiren 'Euskal Harria' poema liburuak 50 urte betetzen dituenean, jardunaldi berezia antolatu nahi izan du Euskaltzaindiak, Gabriel Aresti Elkartearekin batera. Urriaren 11n, idazle eta euskaltzain bilbotarra oso ondo ezagutu zuen jendea bilduko da Bilboko Plaza Berrian, hala nola Xabier Kintana, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia, Oskorri taldeko kideak -sei pieza joko dituzte- edo Jon Kortazar.

Hortaz aparte, aipatzekoa da jardunaldia aurkezteko agerraldian Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotzi ordezkaria; Andres Urrutia, euskaltzainburua eta Erramun Osa, Euskaltzaindiko idazkariordea, izan zirela.

Andoni Egañak eta Mikel Martinezek ere parte hartuko dute jardunaldian. Bertsolariak Arestik ahozko tradizioaren eta modernitatearen arteko zubia eraikitzen egindako ahaleginak aletuko ditu eta aktoreak Bilboko idazleak Hernanin emandako hitzaldi ospetsuaren dramatizazioa egingo du. Goiz partean, Agustin Ibarrolari gorazarre txiki bat egingo zaio, eta Susana Jodra ikerlariak Ibarrolak 'Euskal Harria' poema libururako egindako grabatuak aztertuko ditu.

Arratsaldean, bestalde, Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaia idazleen arteko solasaldia izango da, eta ekitaldi berean Joseba Sarrionandiaren hitzak entzun ahal izango dira.

Temas

Euskera