https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gabonen ertzak

Pertsona asko, Gabonetako erosketak egiten./B. Corral
Pertsona asko, Gabonetako erosketak egiten. / B. Corral
JOSEBA ARRUTI

Kontrajarritako ertzetatik hel dakioke errealitateari, bateraezin diren arren zenbaitzutan osagarri agertu gura direnetatik. Halakoak dira, esaterako, bizitza eta heriotza. Gabonekin antzeko zerbait jazotzen da, opa izaten direnek beti dutela alde ilunen bat. Hala, oroharreko desirarik onenak eskaintzen dira erruz, etxeko askorekin eta, zer esanik ez, kanpokoekin ohikoan makur jokatu arren. Doanekoak dira egutegiaren araberako jarrerak, eta horregatik dute arrakasta.

Kristau kutsu nabarmeneko jaiak izanik, hori bazter utzita ospatu nahi dituenik bada han-hemenka. Funtsari erreparatuta-edo bizi nahi dituzte egunok. Baina mezu jakin bat da zentzua ematen diena, ez urtaro aldaketa soila, ez neguko solstizio hotza. Jatorrizko filosofia batek estali zuen gerora hori guztia, gaur egun ezagutzen ditugun Gabonak osatzerainokoak. Tartean behin eta berriz desitxuratu eta alferrik baliatu den arren, horrek ez dio sortzetikoari baliorik kentzen, ez du auzitan jartzen, on egiteko indar handikoa delako.

Gizartearen kanpoko mugetan bizirauten dutenei begirakoak behar lukete jaiok. Gutxien dutenak oso aintzat hartzekoak -diruz, osasunez zein maitasunez eskas dabiltzanak gogoan izatekoak-. Baina, honakoan ere, ez da kontrajarritako ertzik falta. Kontsumismo zentzugabeena lehenetsi eta sustatzen da, behar ez direnak erosi eta beharrean daudenak ahaztuta. Gabonak direnari lepoa emanda. Azalkeriari men eginda.

Egungo gizakia birtuala da, gero eta hein handiagoan. Halakoxeak dira bere harremanak, bere asmoak, bere bizipenak. Pertsonekin zein errealitatearekin aurrez aurre topo egiteak halako izu antzekoa eragiten du. Gero eta gehiago. Mamiak baino agerikoak du garrantzi gehien, azpikoak baino gainekoak. Horren adierazle da Gabonak merkatal produktu bihurtu izana, duten esanahia ia guztiz husterainoko haginkada jasotzea.

Bada itxaropenik, baina. Bada argi beteko txinpartarik. Bada norabidea adierazten duen izar miragarririk. Badira. Badelako bolondresik, besteen alde lanean diharduenik, bidezko merkataritzaren aldekorik, baztertuak gizarteratzekotan dabilenik, ongizatea edukiz bete gura duenik, egunerokoa benetakotik ulertzen duenik. Azken finean, Gabonak zer diren badakienik.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos