Futbolaren nagusitasuna
Futbola, jatorriz behintzat, kirola da. Baina, gure artean, beste gauza asko ere bai. Negozioa, noski, akziodun eta guzti. Negozio bitxia, hori bai, futbolzale askorentzat erlijioa baita beraien zaletasuna. Are gehiago, errazago aldatzen du hainbatek erlijioa bihotzeko taldea baino. Hori izango da, seguruenik, futbolaren kontraesanik handiena, batzuentzat negozioa dena beste askorentzat erlijioa dela. Ikusten dituzu lehen mailako talde baten zaleak partidarantz, oinez nahiz autobusez, oihuka, kantuka, talde kutunaren koloreak soinean eta berehala ulertzen duzu hori ez dela kirola edo, gutxienez, kirola beste zerbaiterako aitzakia dela, beste premia handiagoa betetzen duela.
Bitartean, jokalariak aise asko pasatzen dira talde batetik bestera, are areriorik handienarengana eta dirua alde badute, buruhausterik gabe aldatzen dute elastikoaren kolorea. Berdin entrenatzaileek eta futbola bizibide duten guztiek, baina zaleak ez du horregatik maitasuna beste nonbait kokatuko, bizitza osoan gordeko dio leialtasuna betiko taldeari.
Jakin badakit norberaren irrikak gehienetan neurrikoak iruditzen zaizkigula eta bestearenak, sarritan, gehiegizkoak. Baina objektibotasunaren bila hamaika ahalegin egin arren, oraindik ere gehiegizkoa iruditzen zait gurean futbolari ematen zaion garrantzia, gero eta handiagoa, gainera.
Ezin diozu ihes egin, ezta sekula santan estadio batera joaten ez bazara ere. Futbolak esetsiko zaitu kalean, lagunartean, hedabideetan. Beti jakingo duzu zer egin duen azken partidan zure lurraldeko taldeak edo haren arerioak, nondik nora doan lehia ligan edo kopan, nork sartu duen gol gehien azken denboraldian edo zenbat ordaintzen dioten izar bati edo besteari.
Nahita ez, futbolitis izeneko gaixotasunak menderatzen zaitu eta ez dago horri kontra egingo dion txertorik ez sendabiderik. Agian irtenbiderik hoberena zaleekin bat egitea litzateke, baina ez dut fede hori, horretan ere agnostikoa naiz.