https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Futbola egunerokotasunetik ateratzen nauen ihesbidea da»

Ane Ibarra futbolaria./
Ane Ibarra futbolaria.

Egindako lagun minak eta familia Athletic zale amorratua izatea Ane Ibarrarentzat berdegunea zapaltzeko motibo nagusi bi dira

IZASKUN MOYANO

Aste honetan Saudi Arabiako emakumeek senar zein anaiarik gabe futbol zelaietara sartzeko baimena lortu dute. Hala eta guztiz ere, gainontzeko gizonetatik aldenduta txoko batean eseri dituzte. Euskal Herrian ordea, zorionez, neskok kirola zuzenean ikusi eta praktikatzeko aukera daukagu. Ane Ibarra (Elorrio, 1990) umetatik joan izan da San Mamesera gurasoei eskutik hartuta talde zurigorriaren partidak jarraitu eta bertako giroaz gozatzera. Beraz, familia futbol zalean ezin futbolari txikirik faltatu.

6 urterekin zapaldu zuen elorriarrak lehendabizikoz berdegunea. Ikastolako mutilekin batera futbitoko talde mistoa eratu zuten udalerrian. Ane pozik joaten zen arratsaldeetan entrenamenduetara, lehenengo ballet klasikoa eta ondoren gimnasia erritmikoko klaseekin tartekatuta. Nerabezaroan ordea, 15 urte betetzean, futbolean hasi zen eta egun 28 urterekin oraindik jolasten jarraitzen du. «Futbola niretzat, egunerokotasunetik ateratzen nauen ihesbidea da».

Anek EHUn Ekonomikako ikasketak burutu bezain pronto hasi zen bankuan lanean. Bertan zegoela klaseak emateko titulua atera eta egun Durangoko Maristetan dihardu irakasle gisa. Ikasketak eta lana goizez egiten zuenez, arratsaldeetan ez zuen inolako arazorik Elorrioko futbol taldearekin entrenatu eta asteburuetan partiduak jolasteko. «Lagun minak egin ditut taldean, ordu asko pasatzen baititugu elkarrekin».

2016an haurdun geratu zen, beraz baloia astintzeari utzi behar izan zion. Orduan, jolasteari betirako uztearen ideia hasi zitzaion buruan bueltaka. Bitartean, kirolari elorriarrak bere kontura lasai entrenatzen zuen gimnasioan, baina «bakarrik nengoen eta asko aspertzen nintzen». Beraz, futbolak beretzat zuen garrantziaz jabetu zen. Niko jaio eta sei hilabeteren buruan itzuli zen berriro berdegunera. Fisioterapeuta baten laguntzat bizkor jarri zen sasoian. «Urte erdi baino ez nuen jolastu 2016an eta oso labur egin zitzaidan».

«Zelaian nagoenean ez naiz ez irakasle, ez emazte, ezta ama ere». Jolasa edota hobbya da elorriarrarentzat astean hiru aldiz Niko gurasoekin utzi, trena hartu eta entrenatzera joatea. Euri asko ari duenean batzuetan nekea ematen diola aitortu duen arren, botak jantzi bezain bizkor animatzen da. Izan ere, berak maiz errepikatzen duen bezala, «ni ez naiz futbolaria, futbolean jolasten naiz».

«Betidanik ezagutzen ez nauten batzuek ez dute sinesten futbolean jolasten dudala»

Hala eta guztiz ere, zoritxarrez, badaude oraindik 'emakumeen futbola: ez da futbola, ezta emakumeena ere' baieztapena aintzat hartzen dutenak. Aneren ustez, «kirol mundua oraindik oso estereotipatuta dago eta berdintasunera heltzeko oraindik denbora luzea pasatu behar da». Izan ere, askotan gertatu izan zaio, betidanik ezagutzen ez duen norbaiti futbolean jolasten duela esan, eta hark ez sinestea.

Baloiarekin ibiltzeko talentua duela itsu itsuan sinesten duena ordea, bere senar Eneko da. Gizona, futbolari profesionala da eta askotan bata bestearen partidak komentatzen dituzte. «Enekori asko gustatzen zaio nik berdegunean nola ikusi dudan komentatzea». Oso futbol zalean dira biak. Izan ere, lehen etxean sukaldean janaria prestatzen zeuden bitartean futbol partidua zeukaten jarrita telebistan. «Orain ordea Nikorekin marrazki bizidunak ikusten gaude etengabe», esan du algaraka.

Futbolean jolasteak mesede egiten dio Aneri, baina badaki egunen batean aulkian eseri beharko dela betirako. Momentuz ordea, lana eta familiarekin aise uztartu ditzake entrenamendu eta partiduak. Beraz, badirudi oraindik elorriarrak gol asko dituela sartzeke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos