https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Fukushimako hondamendi nuklearrean kutsatutako ura itsasora isurtzea aztertzen dago Tokioko Konpainia Elektrikoa

Erradioaktibitatea neurtzeko balio duen neurgailua./
Erradioaktibitatea neurtzeko balio duen neurgailua.

Zenbait adituk egoera larri honen inguruko txosten bat jorratuko dute

UNAI SARRIUGARTE

Fukushimako hondamendi nuklearrean kutsatutako ura itsasora isurtzea aztertzen dago Tokioko Konpainia Elektrikoa. Izan ere, duela zortzi urte Japonian jazotako hondamendi naturalaren ondoren, milaka tona ur erabili zituzten erregai nuklearra hozteko helburuarekin. Konpainia honek ur kutsatu hau tamaina ikaragarriko edukiontzietan gorde zuen. Edukiontzi hauexek edukiera konkretu bat aurkezten dute eta 2022. urterako hauek erabat beteta egongo direla aurreikusi dute. Hortaz, egun irtenbide baten bila dabiltza.

Japoniako Ingurumen ministroak iragarri duenez aurreikusi duten aukera bakarra ura hau itasora botatzea eta bertan diluitzea da. Zenbait adituk egoera larri honen inguruko txosten bat jorratuko dute, ea beste irtenbiderik egon daitekeen. Era berean, Japoniako Gobernuan hurrengo asteotan beste irtenbide posibleen inguruan eztabaidatuko dute.

Oraindik ez dute iragarri ur kutsatua itsasora botatzekotan, zenbat litro ur isuriko liratekeen. Japoniaren inguruko herrialdeen erantzuna oraindik ezagutzeko dago. Edonola ere, argi dago aldameneko estatuen oniritzia ez duela izango. Hego Koreak esaterako, dagoeneko azalpenak eskatu dizkio Japoniako enbaxadoreari ur kutsatuarekin zer egingo ote duten azaltzeko asmoz.

Egun ezagun da kostaldean dauden zentral nuklearrek tritioarekin kutsatutako ura itsasora isuri ohi dutela. Tritioa erradioaktiboa den gas kimiko bat da. Edonola ere, hainbat adituk diotenez tritioa ez omen da kaltegarria. Fukushima inguruko arrantzaleak askotan salatu izan dute edukiontzietan gordetzen duten ura gai kimiko horrekin kutsatuta dagoela.

Fukushima I zentral nuklearra Japoniako Fukushiman kokatuta dagoen zentral nuklear desgaitua da. Zentralak guztira 4.696 megawatteko instalaturiko potentzia zeukan aktiboki zegoenean. Azpiegitura hau 1970. urtean jarri zuten abian, eta kalte larriak pairatu zituen 2011ko martxoaren 11an, Ricther eskalan 9,0 graduko lurrikarak eta, ondoren, tsunamiak Japonia jo zutenean. Kalte larri horiek direla eta, uste da Fukushima I zentrala ez dela inoiz berriro ere martxan jarriko.

2011ko Sendaiko lurrikarak Japoniako zentral nuklear guztiak geldiarazi zituen, baina epizentrotik hurbilen zegoena Fukushima I Zentrala izan zen. Azpiegitura honetako lehen eta hirugarren erreaktoreen hozte sistemak akatsa izan zuen eta leherketa bat jazo zen 2011ko martxoaren 12an. Hori dela bide, zentralaren inguruan bizi ziren 100.000 pertsona euren etxeetatik atera behar izan zituzten.