https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituen aurka egin du berriro ere

Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituen aurka egin du berriro ere

SEASKAk, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak, arazo handiak izan ditu azken urteotan Frantziako Gobernuarekin

UNAI SARRIUGARTE

Frantziako Gobernuak hizkuntza gutxituen aurka egin du berriro ere. Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak atzo, martxoak 22, murgiltze sisteman oinarritutako irakaskuntzaren bertute pedagogikoak zalantzan ezarri zituen, eta frantsesa ongi ez ikasteko arriskua dagoela helarazi zuen.

Eskolaren erreforma legea bozkatu zuen atzo Frantziako Senatuak. Bozketa hau izan zen hain zuzen ere hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren inguruko eztabaida sorrarazi zuena. Izan ere, Hezkuntza ministroa beldur da murgiltze sisteman ari diren ikasleek, Ipar Euskal Herriko ikastoletakoak esaterako, euren hizkuntza gutxitua bakarrik erabiliko ote duten, eta frantsesa alde batera utzi.

Jean-Michel Blanquerrek Frantziako Senatuan nabarmendu zuenez: «Ikuspegi pedagogikotik, asko dago eztabaidatzeko. Ezagutza aldetik ezin da esan ona denik ikasleak bultzatzea frantses hizkuntza ez ezagutzera eramango lituzkeen egoera batera». Hezkuntza ministroaren iritziz, murgiltze ereduaren nondik-norakoak sakonki aztertu behar dira egitasmo pedagogikoan.

Ministroaren hitzak desadostasun itzela sortu dute hizkuntza gutxituen irakaskuntza bermatzen ari diren eskualde ezberdinetako ikastetxeetan. Ipar Euskal Herriko herritarrena kasu. Herri Urratsen antolatzailea den Ihintza Bidartek esan duenez Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko aukera gutxi dago, estatu frantsesari ez baizaio batere gustatzen SEASKA eta horrexegatik, gobernuak gero eta oztopo gehiago ipintzen dituela aitortu du.

SEASKAk, Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak, arazo handiak izan ditu azken urteotan Frantziako Gobernuarekin. Aurten SEASKAk 4.000 ikasleen langa gainditu du, eta datorren ikasturterako zifra hori nabarmenki handituko dela aurreikusi dute. Hori dela bide, aurtengo ikasturterako 25 irakasle lanpostu eskatu zituzten ikastolek, eta Parisek bost lanpostu baino ez zion onartu.

Pasa den ostiralean, maiatzak 17, Biarritzen izan zen Emmanuel Macron Frantziako presidentea, bertan ospatu zen G7 gailurraren barnean. Macron euskararen irakaskuntzaren inguruan mintzatu zen, euskara laguntzeko esfortzua egingo dutela nabarmenduz, Blanquerrek esandakoaren kontrakoa justu. Era berean, Frantziako presidenteak ez zuen egokitzat jo eraginkorrak diren dinamikak kentzea, murgiltzearen esperimentazioari erreferentzia argia eginez .

Temas

Euskera