Borrar

FRANKENSTEIN

Berrehun urte bete dira Mary Shelley-k 'Frankenstein' argitaratu zuenetik, liburua lehenago idatzita bazegoen arren

Ostirala, 6 apirila 2018

Comenta

Berrehun urte bete dira Mary Shelley-k 'Frankenstein' argitaratu zuenetik, liburua lehenago idatzita bazegoen arren. Egile-izenik gabe azaldu zen liburua, eta ale gutxi kaleratu ziren, bostehunen bat. Egin dezagun historia apur bat, izan ere, liburuen historia gizartearen historia baita. Leman lakuaren ondoko etxe batean bildu ziren Lord Byron eta bere lagunak (tartean Percy B Shelley, eta bere emaztea Mary) eta bakoitzak ipuin gotiko bat (beldurrezkoa, alegia) kontatu edo idatzi behar zuen. Maryk 'Frankenstein' idatzi zuen, eta Lord Byronen idazkari Polidorik, 'Banpiroa, Drakularen mitoa' sortu zuen eleberria. Giro erromantikoan sortutako belaunaldia zen. Maryren amak, haurdunaldian, Goetheren 'Werther' irakurri zuen. Egia da irakur zezakeela 'Harreman arriskutsuak', garaiko liburua baitzen, estimatua eta laudatua, salbuespen batekin: frantses maitakeriaren eredu zen. Eta ingeles giro erromantikoak ez zuen zerikusirik frantsesarekin, ez moduetan ez testuetan ere. Beste lan bateko gaia da Wertherren ereduak zer nolako on-gaitzak eta onura-kalteak ekarri dituen mundura. Percy B. Shelleyren lehen emazteak bere buruaz beste egin zuen, ikusi zuenean, edo sumatu zuenean, berak maite zuen hark beste bat zuela maitale, alegia Mary. Garaiak bere marka uzten du, bere arrastoa alde guztietan, bazterrak mugatzeko eta norberaren espazioa zedarritzeko, halakoa posible balitz behintzat. Nik Frankensteinen mitoa pelikula baten bidez ezagutu nuen, Carlos Sauraren 'El espíritu de la colmena' ikusitakoan. Oraindik ez zait ahantzi pelikula hori ikustean jaso nuen inpresioa. Aspaldiko film baten zatia erabiliz, Frankenstein neskatila batekin agertzen da eta loreak oparitzen dizkio. Ibaiaren ondoan da (eszena erromantikoa erabat) eta loreen kolorea zein den ez da ikusten, zuri-beltzezko pelikula baita.

Munstroak, edozein gizakik bezala, bi aurpegi zituela sinesten nuen orduan. Alde ona batetik; munstroak neskatilei loreak eskaintzen zizkien. Bestetik, neskatila bera hiltzera iristen zen. Geroago, ordea, konturatu nintzen, munstroak ez duela aurpegirik, hamaika aurpegiz osatutakoa baita berea, hamaika puskaz egindakoa bere gorputza, hamaika piltzarrez ehundutakoa bere soinekoa. Batean zein bestean, on-onean ala gaizto-gaiztoan, munstroak jokatzen zuen gehiegi pentsatu gabe; ez zen, munstro izateagatik, bere ekintzen jabe. Ez zekien zer egiten zuen. Egiten zuena egiten zuen, besterik pentsatu gabe, bere ekintzen ondorioak kontuan hartu gabe. Pentsatzeko gaitasunik ez duena, ez arrazoimenik ez arrazoitzeko gaitasunik ez duena, ona eta gaitza bata bestetik bereizteko gauza ez dena ezin daiteke ez on ez gaizto izan. Gizaki askok ere egiten dutena egiten dute, berez pentsatu gabe, pasioek eta ilusioek eta uneko grinek bultzatuta eta zirikatuta, edo zikirotuta, ez dakit.

Sekulako samurtasuna eta ternezia eragin didate beti Frankenstein bezalako munstroek. Ekaitz erdian dabiltzan zaldikoek bezala, ez dakite nora iritsiko diren, ezta iritsiko diren ere. Lainoa, eguraldi beltza, bide lokaztua dute lagun; haztamuka ibiltzen dira gehienetan, erori ez erori, altxa ez altxa; begiak irekirik badute ere, ez dute ikusten zer zabaltzen zaien aurrean. Denok iritsi gaitezke, izan ere, munstro izatera, uneren batean bederen, egun argiz ez bada, gaueko itzalen artean, edo ametsen lainopean estalirik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo FRANKENSTEIN

FRANKENSTEIN