https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

FRANCIS ANDRE TXIT HIGUINGARRIA

Francis andrearen aholku-programa garrantzi handikoa zen frankismo garaian./
Francis andrearen aholku-programa garrantzi handikoa zen frankismo garaian.
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

'Consultorio de Elena Francis' irrati saioa ezagutu nuen nik azken emanaldietako urteetan. Laurogeiko hamarkada haren hasieran nabaria zen iraganaren arrasto bat besterik ez zela eta, halabeharrez, bere ibilbidearen bukaeran zegoela. Hala eta guztiz, arretaz eta jakinguraz aditzen nuen nik, aspaldian izandako beste garai baterako bidaia batean egongo banintz bezala.

Urteak pasa ahala Juan Soto Viñolo kazetari katalana elkarrizketatzeko aukera izan nuen irratian. 'Querida Señora Francis' izeneko liburuaren egilea zen Luis eta ondo baino hobeto zekien zer zeukan esku artean; 1966. urtetik 1984. urtera arte -saioaren agurrarena- kontsultategi horren gidoilari bakarra izan zela eta. Liburu horri esker askok jakin genuen gordeta zeukaten sekretua: Francis andrea asmakizun bat besterik ez zen. Zenbait aktorek jarri zieten ahotsa zenbait gidoigilek erantzundako gutunei. Elkarrizketa horretan Soto Viñolok horrenbeste andreren dramak irakurtzeak feminista bilakatu zuela aitortu zidan.

Orain, interneti esker, programaren emisio osoak berreskuratzeko parada dugu eta egiatan diotsut, perla horiek berriro aditzea edozein terrore pelikula baino beldurgarriago izan daiteke.

Azken bolada honetan zure senarra 'gay' giroko tabernetara askotan doala konturatu zara? Ba «sortu giro atsegin bat zure etxean» eta «muzin egin kuxkuxeroei». Nahi gabe haurdun geratu zara eta horren gaztea izanik ez duzu ama izan nahi? Ba lehenago pentsatu behar zenuen. Orain hor konpon marianton, «zure portaeraren ondorioak» zure gain hartu beharko dituzu. Aldiro jipoitzen zaituen munstro batekin ezkondu zarela ohartu zara? Ba zure buruari zertan huts egin duzun galdetu beharko diozu…

2005. urtean, Cornellá de Llobregat herriko baztertutako masia batean Francis andreari bidalitako milaka eskutitz agertu ziren. Hauek izan dira berriki argitaratu izan den lan baten oinarria. Bertan, Rosario Fontova eta Arnald Balsebre ikertzaileek 1950. eta 1972. urteen artean idatziriko 4.325 eskutitz eta dagozkien erantzunak aztertu dituzte. Lan honen emaitza 'Las cartas de Elena Francis, una educación sentimental bajo el franquismo' izenburuko liburua da. «Eskutitzak arakatu baino lehenago gauza barregarri baten aurrean geundelakoan geunden. Gehienak ezizenez sinaturik zeuden: 'campesina'; 'desgraciada sin remedio'; 'corazón triste'; 'la fea'; 'una casada amargada'; 'lágrima negra'..., baina Elena Francis , frankismo garaian izandako irrati-esatari garrantzizkoena izan zen» -diosku Fontovak- «irakurtzean, emakume hauek 'pixkat tuntunak' zirela pentsa dezakezu, baina ez ziren 'berez' tuntunak, horrelakoak ziren horrela izatea nahi zutelako. Falangek, Eliza Katolikoak eta frankismoak sukaldean nahi zituzten andreak, eta eskutitz hauetan islatzen da nola frankismoak ez zien inolako autonomia lortzeko aukerarik uzten». Laburbilduz, erantzuna beti zen berbera: «itsuarena, gorrarena, mutuarena egin eta senarra lanetik itzultzean etxe txukun eta atsegin batean sartzen dela ziurtatu». Ikaragarria da benetan gutun hauek irakurtzea, are eta ikaragarriago jakitea horietako asko ez zirela irratitik eman, edukia gordinegia omen zelako. Egiatan samingarria da, era berean, zer «irtenbide» tristea jasotzen zuten ikustea.

Baina honen guztiaren gainetik, okerrena, halako garai ilunetara itzultzeko prest zenbat jende dagoen ohartzea da.

Temas

Euskera