https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

FotoArte lehiaketarako lanak aurkezteko epea irekiko dute astelehenean

Gizon bat, argazki bat ateratzen/Fotolia
Gizon bat, argazki bat ateratzen / Fotolia

Aurreko edizioen aldean, hautaketa-fasean aukeratutako lanen egileen izena ez da jakinaraziko

PAUL PICADO

FotoArte argazki lehiaketaren XV. edizioan parte hartu nahi baduzu, interesatuko zaizu jakitea lanak aurkezteko epea datorren astelehenean irekiko dutela. Azken eguna, berriz, martxoaren 19a izango da. Baina nolakoa izango da edizio berri hau? Antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, aurten aldaketa nabarmenak egin dituzte, herritarren partaidetza handitzeko batik bat. Gauzak horrela, emakumeen parte hartzeari garrantzi handiagoa emango diote, izan ere, edizio guztietan banatutako 42 sarietatik bost emakumek bakarrik jaso dute galardoa. Gainera, lehiaketan parte hartzen duen emakume kopuruak behera egin du.

Orain arte, hautaketa fasean aukeratzen ziren lanen egileen izena ematen zen. Aurten, berriz, ez da horrelakorik egingo, sariak hautatu arte jendeak argazkiaren egilea nor den jakin ez dezan. Fase horretan 32 lan aukeratuko ditu epai-mahaiak eta horiekin erakusketa ibiltari bat egingo du, bai gizarte etxeetan, bai udalaren web orriko gune birtual batean.

Beste aldaketa bat argazkien gaiarena izango da. Aurten, musikarekin zerikusia duten argazkiak izan beharko dute. Ez da bakarrik argazkiaren kalitatea baloratuko; aniztasuna, ahalduntzea eta genero-berdintasuna ere bai.

Esan bezala, lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 19a izango da, eta argazkiak online aurkeztu behar dira, lehiaketan izena emateko inprimakiaren bidez. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bi argazki aurkez ditzake, eta ezin daitezke izan beste egile batenak edo beste lehiaketa batzuetan saritutakoak. Edozein teknika edo prozedura digital onartzen da.

Formatuari dagokionez, JPG izango da, 72 PPIko bereizmenarekin, eta alderik handienean, irudiaren tamaina 2.000 pixelekoa izango da. Aurkeztutako lanetan ezin da agertu izenik edo bereizgarri pertsonalik. Bestalde, fitxategi digitalaren metadatuetan ere ezingo da datu pertsonalik agertu. Epaimahaiak maiatzaren 6an argitaratuko du irabazleen izena, eta sari-banaketa maiatzaren 30ean izango da, 19:00etan, Ibaiondo Gizarte Etxean.

Temas

Euskera