https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Filosofoak

Aristoteles eta Platonen bustoak./
Aristoteles eta Platonen bustoak.
Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

Miletoko Talesek Keopseko piramidea neurtu nahi izan zuen. Piramidearen aurrean jarri, haren goiko puntara begiratu, eta hausnarrean geratu zen. Garai horretan ez zuten garabirik, ezta neurgailu zehatzik ere. Talesek gogotik astindu zuen burua, eta piramidetik harago, zeruan zegoen izar bati begiratu zion, eguzkiari alegia. Ondoren, lurrean makulu bat jarri, eta itzalaren proportzioaren bidez neurtu zuen piramidearen garaiera. Heraklitok errealitatea etorkizun dialektiko bat zela idatzi zuen, dena isurian eta aldatzen zihoala, aurkarien arteko lehian zegoela gakoa. Pitagorasek bere izena daraman teorema ezaguna asmatu zuen, baita musika eskalako noten arteko erlazio matematikoak ere. Bere burua filosofotzat jo zuen lehena izan omen zen, eta eragin handia izan zuen Platonengan. Azken honen aurretik, Sokratesek, ezer ez zekiela baizik ez zekien filosofoak, atenastarrak aztoratu zituen bere galderekin. Sokratesek sofisten aurka jo zuen, eta maieutikaren bidez geure egia propioak bilatzeko gonbita egin zigun. Platonen kobazuloaren mitoa eta Errepublikari buruzko elkarrizketa aipa genitzake, Aristotelesek fisikari, metafisikari eta etikari buruz idatzitako lanak aipa genezake, Errenazimendura arte eragin handia izan zutenak. Ondorengoen zerrenda luzea da: Descartes, Spinoza, Hobbes, Locke, Rousseau, Kant, Schopenhauer, Marx, Nietzsche, Hannah Arendt… Filosofoak denak ere. Alegia, gaur egun ezertarako balio omen ez dutenak.

Baina filosofia ez da soilik pentsalari zerrenda bat, ondare bat ere bada, literatura ere baden bezala. Hari bitxi bat da, gu bezalakoek zer pentsatzen eta sentitzen zuten jakiteko, gure aldean hain ezberdinak ez zirela ikusteko. Teknologia berri zein zaharrek gauza asko aldatu dituzte, baina, funtsean, gizakia lehengo bera da neurri handi batean, bere ohiko arazo eta kezkekin, bere helduleku beharrekin. Tirabirak bere horretan dirau: gauzak diren bezala onartu edo aldatzen saiatu. Nora jo, baina, argi bila? Filosofia izan daiteke itsasargi horietako bat. Errenazimendu garaian Grezia eta Erroma klasikora jo zuten argi bila. Aldeak alde, gaur egungo arazo eta gatazka asko jada gertatu ziren duela bi mila urte: erbesteratuak, langabezia, gosetea, bakardadea, maitasuna, gorrotoa, boterearen gehiegikeria, ustelkeria, etsipena… Ez dirudi hain alferrikakoa ordukoak eta gaurkoak erkatzea.

Zerbaitetan sinestera kondenatuta gaude, baita ezertan ez sinistera bada ere

Gauzekiko kontzientzia apur bat izateak ez digu kalterik egingo. Nekez uler daiteke gizakia oinarririk gabe. Zerbaitetan sinestera kondenatuta gaude, baita ezertan ez sinistera bada ere. Filosofiak galderak egiten ditu, ez beti erantzuna duten galderak. Gure buruari galderak egiterakoan, pentsamendua martxan jartzen dugu. Pentsamendu kritikoa diote batzuek... Buru-argitasun apur batekin konformatuko nintzateke. Zentzu horretan, ez dut uste filosofia soberan dagoenik. Soberan beste gauza batzuk daudela esango nuke… Bazen orain urte batzuk iragarki bat, poten-tzia eta abiadura erkatzen zituena: kontrolik gabeko potentzia hutsaren hurrena da. Filosofia gizaki gisa dugun 'kontrol' edo oinarri horren zati garrantzitsua da. Oinarri hori ezinbestekoa dugu aurrera zen-tzuz egiteko. Orain arte oso baliagarria izan da. Filosofoek ildoak ireki dituzte, eta horietako batzuek indarrean jarraitzen dute oraindik. Baina zertarako balio dute benetako bizitzan, galdetzen dute askok eta askok. Baina zer da benetako bizitza? Zer da izatea? Zer da heriotza? Zer da demokrazia? Nola begiratuko gaituzte etorkizuneko gizakiek? Hori ez diogu geure buruari galdetzen. Eta galderak egin gabe herdoildu egiten da pentsatzeko gaitasuna, eta pentsatzeko gaitasun zorrotzik gabe, konformatzen errazagoak gara. Eta gutxiago dakigu geure buruz, geure ahalmenez. Pentsatzea ez da sare sozialetan 'like' aukera zapaltzea.

Sokratesek galderak egiten zituen, jendeak jakin gabe barnean zeraman hura argitara ateratzeko.

Nekez imajinatzen dut mundua galderarik gabe. Kontua da guk geuk isildu ote ditugun galderak, ala beste norbait hartzen ari den bere gain zeregin hori.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos