https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Filek

Petronor./Pedro Urresti
Petronor. / Pedro Urresti

1939an, Espainia munduko petroleo esportatzailerik garrantzitsuena izateko zorian egon zen

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

1939an, Espainia munduko petroleo esportatzailerik garrantzitsuena izateko zorian egon zen. Edo hori izan zen, behintzat, Francok sinistu zuena. Ideia exotiko samar horren atzetik, Albert von Filek zeritzon kimikari austriarra zegoen. Berak diktadorearen konfiantza lortu zuen eta hurrengo hau azaldu zion: Jarama ibaiaren ura, zenbait landare eta beste hainbat osagai sekretu nahastuz, gasolina baino hobea zen erregai baten formula asmatua zuela. Pagotxa bat, zer esanik ez. Gerra osoa Madrilen igaro zuela kontatu zuen Filekek, bai eta Espainiari leiala zela ere. Izan ere, beste herrialde batzuen eskaintzak errefusatu zituen, Francoren jarraitzaile amorratua zelako. Baina Filek iruzurgile eta oportunista bat baino ez zen. Bere aukera ondo aprobetxatzen saiatu zen, baina kartzelan sartuta bukatu zuen.

Istorio zoro baina erreal hori, Ignacio Martínez de Pisón idazleak kontatu du 'Filek' deituriko bere azken liburu gomendagarrian. Baina historian zehar anitz izan dira oportunismoarekin loturik dauden pasadizoak. Oportunista batzuk sinpatikoak izan daitezke –Lazarillo de Tormes, esaterako–; beste batzuk, gorrotagarriak. Oportunismoa presente dago biologian, ekonomian, psikologian, soziologian eta, bai noski, baita politikan ere. Hain zuzen ere, politika arloan bereziki kritikagarria iruditzen zait niri, oportunismoak geure gizartean hor dirau. Horren adibide bat izan dugu egun hauetan. Gabrielen gurasoak plazara itzuli dira. Eskatu dute ez hartzeko presoaldi iraunkor berrikusgarriaren aldeko sinadurarik bere semea gogoratzen duen leku berberean; eta, orain dela gutxi, Ruth Ortiz ere -Bretonek hil zituen haurren ama- politikarien oportunismoaren kontra azaldu zen.

Oso itsusia da, moral eskasekoa gainera, mina eta asaldura, etsipena eta konfusioa aprobetxatzea nor bere ideiak aurrera eramateko. Zenbait eztabaida ezin dira bero-beroan egin; baina hainbat politikarik -Filekek egin zuen bezalaxe- gasolina erakusten digute giroa beroegia dagoenean, gorrotoa piztuta dagoenean; eskerrak, orain arte, gasolina horrek ez duela surik piztu.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos