https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Fikzioak eta zientziak elkarri hitz egiten diotenean

Fikzioak eta zientziak elkarri hitz egiten diotenean
BORJA AGUDO

'Ezezaguna: zinema eta zientzia' zikloaren aurtengo edizioa hainbat berritasunekin dator: Bang Bang Zinema ekimena, ikusleen kontsumo ohitura berrien inguruko mahai-ingurua eta zientziaren alderdi desberdinak jorratuko dituzten bost hitzaldi antolatu dituzte, besteak beste

AMALIA IBARGUTXI

Zinema eta zientzia elkartuko dituen zikloa antolatu dute urtarriletik martxora Bilboko Arte Ederren Museoan. 'Ezezaguna: zinema eta zientzia' izenburupean, Euskadiko Filmategiak eta DIPC Donostia International Physics Center-ek antolatu dute, eta Donostian ere filmak ikusteko aukera izango da Tabakaleran, eta baita mahai-inguruetara joatekoa ere.

Zientzia fikziozko 12 film proiektatuko dira, eta saio guztietan zientzialari ezagunen bat arduratuko da filma aurkeztu eta proiekzio ondorengo solasaldia gidatzeaz. Era berean, ikusleen kontsumo ohitura berriak aztertuko dituen mahai-ingurua eta zientziaren alderdi desberdinak jorratuko dituzten bost hitzaldi ere antolatu dituzte.

Egitasmo hau estreinakoz ospatuko da Bizkaiko hiriburuan. Gainera, emanaldi bikoitz berezi bati ere lekua egin zaio: Bang Bang Zinema. 'Blade Runner' eta 'Blade Runner 2049' filmen emanaldi bikoitza izango da.

Espazioaren esplorazioa (First Man, Salyut-7 eta Martetarra), adimen artifizialaren erronkak (2001: A Space Odyssey, A.I. Artificial Intelligence, Ex Machina, Blade Runner eta Blade Runner 2049), begirada mikroskopikoa eta teleskopikoa (Fantastic Voyage eta Gizon harrigarriro txikiagotua), genero-ikuspegia (Figura ezkutuak) landuko dituzte filmek eta horiekin batera egindako hizketaldiek.

Komunitate zientifikoaren azken aurrerapausoetara gerturatzeko hitzaldiak egingo dituzte Ginés Morata (Centro de Biología Molecular Severo Ochoa CSIC-UAM), Humberto Bustince (Nafarroako Unibertsitate Publikoa), Aran Garcia-Lekue (Donostia International Physics Center-DIPC), Ana Zubiaga (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Raúl Angulok (Donostia International Physics Center-DIPC). Solasaldi horiek Bidebarrietako Liburutegi Nagusian, eta Donostiako Tabakaleran izango dira.

Zinema emanaldietarako sarrera 3,50 euro kostako da. Bilbon, museoko leihatilan edota www.museobilbao.com web orrian erosi daitezke. Sarrerak doan izango dira 25 urtetik beherakoentzat. Annihilation filmaren doako bi emanaldi ere egingo dituzte bi hiriburuetan. Azkenik, mahai-ingururako eta hitzaldietarako sarrera doan izango da, aretoa bete arte.