https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Fikzioak

Yuval Noah Harari , aurkezpen batean./Jonathan Nicholson
Yuval Noah Harari , aurkezpen batean. / Jonathan Nicholson
Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

'Game of thrones' telesail arrakastatsuaren azken atalean, Tyrion Lannisterrek zioen jendea batzen zuena istorioak zirela. Gauza bera idatzi zuen Yuval Noah Harari historiagileak 'Sapiens' liburuan (duela zenbait hilabete Elkar argitaletxeak euskaratua). «Kristautasunaren edota Frantziako Iraultzaren agerpena ulertzeko, ez da nahikoa geneen, hormonen eta organismoen elkarrekintza ulertzea. Beharrezkoa da, halaber, ideien, irudien eta fantasien elkarrekintza kontuan hartzea ere». Istorio komunak dira gizarteen zimendua. 'Jainkoa', 'Aberria', 'Arbasoak' bezalako fikzioen gainean eraikitzen ditugu gure uste sendoak. Dirua ere fikzio bat da. Bonapartek aspaldi egindako euskalkien mapa fikzio horietako bat da, zeinaren gainean eraiki dugun (eraikiarazi diguten?) gure nortasuna. Sabino Aranaren idatziek ere zerikusia izan zuten horretan. Baita Gerra Zibilak eta Gernikako bonbardaketak ere. Gure fikzioen eraikuntzak hainbat mugarri izan ditu. Mugarriok partekatutako samin bat izan daitezke, edo garaipen esanguratsu bat, eta sarritan zenbaiten boterea sendotzeko erabiltzen da. Batez ere, mugarri horien irakurketa gidatu eta erpinik gabeko bat sustatzen bada.

Orain gutxi arte, 1936ko altxamenduak suntsitu zuen II. Errepublika espainoltzat jotzen zuten askok. Espainolak ziren maketoak, koreanoak, mantxurrianoak… Ez ziren Errepublikako galtzaile eta errepresaliatuak, etsaiak baizik, gure herria eta gure hizkuntza suntsitzera omen zetozenak. Espainolista omen zen Aresti. Traidorea, Imanol. Erraz bereiz omen zitekeen zein zen arrotza, zein etsaia. Edo batzuek, behintzat, oso erraz egiten zuten bereizketa. Eta bereizketaren ondotik beste zerbait etor zitekeen.

Ez kontatzeko ipuinik, entzun izan dut hainbatetan, mespretxu doinuz esanda gainera. «Hori ipuina baino ez da». Baina dena da ipuin, dena da fikzio. Eta fikzio batzuk besteen gainetik nagusitzen dira, eta ez kasualitatez. Gauzak zuritzeko ere erabiltzen dira fikzioak (Orwellek bazekien zerbait horretaz, eta ederki frogatu zuen 'Abereen etxealdea'n), edo gutxi batzuen interes partikularrak babesteko, lelo aberkoien mozorropean. Zenbaitetan kalezuloetara eramaten gaituzte fikzioek, eta horma itxiaren errematean geratzen gara betiko hari zaharrari bil eta bil eginez, handik ezin atera, geure soka propioan arrantzatuta. Fikzio batzuek tranpa edo gezur interesatua izaten dute sabelean gordeta, edo narratzailearen ukitu gehiegizkoa. Fikzio batzuk erosoak dira; beste batzuk, berriz, deserosoak.

Gauza asko gertatu dira gure herrian azken hamarkadotan. Batzuek begi onez ikusten zuten ETAren jarduna. Beste batzuek, berriz, zilegitzat jotzen zuten Estatuaren gerra zikina. Gutxi batzuek begi txarrez ikusten zituzten biak ala biak. Hori guztia gertatu bitartean, batzuk kalera ateratzen ziren protesta egitera, eta beste asko isilik zeuden. Baina gauzak ez dira horren sinpleak. Gauzak -eta fikzioak- sinpleak («aberria ala hil», «euskaldun guztiak terroristak dira»…) edo korapilatsuak izan daitezke, lauak edo ertz askokoak, epelak edo puntazorrotzak. Onak eta gaiztoak errazegi bereizten dituzten fikzioak xaloak eta ahulak izan ohi dira, baita alderdikoiak ere, baina beste horrenbeste gerta daiteke 'tabula rasa' egiten dutenekin eta biktimak eta kaltegileak zaku berean sartzen dituztenekin ere. Azken batean, mina ulertzen saiatzea, bestearen larruan jartzea, ezinbestekoa da fikzio on batean. Gauzak ulertu nahi izatea eta testuinguruan kokatu nahi izatea. Fokua behar den lekuan jartzea, ezkutuan dagoen zauria agerian gera dadin.

Orain fikzio berri bat eraiki behar dugu horretatik guztitik, gertatutakoa alboratuko eta leunduko ez duena, zinismoan eroriko ez dena. Gaizki egindakoak ezkutatuko ez dituena. Fikzio berri bat, norabide askotakoa eta transbertsala. Likidoagoa. Gure ondarea eta kultura modu zabal eta eskuzabalagoan ulertzeko gai izango dena. Gure sustraiak eta giza eskubideak uztartzeko gai izango dena. Lurraldea eta nongotasuna jainkotuko ez dituena. Mapa eta aingura zaharrik gabea.

Temas

Euskera