https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Fede kontua

Bilboko Aste Santua ez da ondo hasi. Ez fede edo bolondres faltarik dagoelako, ez. Eguraldia jarri zaio aurrez aurre

Fede kontua
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Fedea eta arrazoiaren arteko harremana nahasia izan da gizaldietan zehar, baita elkar ukatzekoa ere. Badira bateragarri egiten saiatu direnak, ordea; biak modu mailakatu eta oreka hauskorrekoan lotzeko ahalegina egin dutenak. Baina Aste Santua sentitzeko modu grinatsuek kanpotiko ikuspegitik dihardutenen harridura sortzen dute gehienetan, ezin ulertuzkoa edo. Nabarmenagoa da hori guztiz sekularizatutako gizarteon, egunerokoan fedea ia bitxitzat duen honetan. Haraindikotasunari buruzko hausnarketa oro bizitzako pasarte kritikoenetarako baino ez da geratu, norbanakoek oso barruan eraman bai baina azaleratzen utzi gura ez duten larrialdietarako bultzagai antzekoa bailitzan.

Bilboko Aste Santua ez da ondo hasi. Ez fede edo bolondres faltarik dagoelako, ez. Eguraldia jarri zaio aurrez aurre. Tinko. Erramu Domekan Astotxoaren prozesioak jendetza biltzen du urtero, tartean ume asko. Aparteko ilusioarekin ekiten diote, egutegiko data seinalatu horietakoei dagokienarekin. Baina euri zaparradek ezinezko egin dute tradizioari eustea, belaunaldiz belaunaldiko lekukoa aurtengoan hartzea. Hurrengoan beharko, fedea lagun.

Garai batean pasoen prozesioak ezin ohikoago ziren Bizkaiko edozein herritan. Adinekoenek ondo gogoratzen dituzte irudi ikusgarriz osatutako haiek, herritar multzo zabalek babestutakoak. Inguruko enpresa indartsuenek ordaindu eta sustatutakoak ziren askotan, lekuan lekuko udalerriari egindako opari antzera. Joan zen hura guztia, maila askotako aldaketa-haizeek eramanda. Fedea magalik intimoenean sentitzen da egun, ez lehen bezain ageriko eta nabarmen.

Hala ere, badira aspaldikoarekin jarraitu dutenak. Bilbo edo Balmaseda dira adibide ezagunenak, apalagorik ere badagoen arren. Gehienentzat Aste Santua oporraldi soila denean, egunerokotik ahalik eta gehien urrundu eta alde egiteko egunak baino ez direnean, besteren batzuek fedea berrindartzeko baliatzen dute, horri begira jarduteko. Oso bestelako lehentasunetatik ari dira, guztiz bestelako logika zein bizipenetatik.

Finean, Aste Santua norberak gura duenerako da, askatasunean igarotzekoa. Baina badu jatorritik atxikitako esanahi eta zentzu jakin bat, garenari erreparatzekoa, oso barru-barrura begiratzekoa, fedearen eta arrazoiaren mugetan barrena abiatzekoa.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos