https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Fashion pact, aldaketa klimatikoan ehungintza konpainiek duten eragina murrizteko hitzarmen jasangarria

Fashion pact, aldaketa klimatikoan ehungintza konpainiek duten eragina murrizteko hitzarmen jasangarria
EFE

Egitasmo honetan nazioarteko 1.500 marka ordezkatzen dituzten 32 enpresak hartu dute esku

UNAI SARRIUGARTE

Aldaketa klimatikoan ehungintza konpainiek duten eragina murrizteko Fashion pact deituriko hitzarmen jasangarria sinatu dute nazioarteko 150 marka ordezkatzen dituzten 32 enpresak. Hauxe modaren salmenten heren bat da, salmenten bolumena kontuan hartzen bada behintzat.

Konpainia hauen artean honako hauexek daude: Adidas, Burberry, Chanel, Lafayette, Armani, H&M, Inditex, Hermés, Karl Lagerfeld, Kering, Nike, Prada, Puma, Ralph Lauren, Carrefour edo Stella McCarnety, besteak beste.

Pasa den astean G7ak Biarritzen (Lapurdi) ospatu zuen batzarra zela medio, 32 enpresa hauek aldaketa klimatikoan duten eragina gutxitzearen aldeko konpromisoa iragarri zuten bertan. Hauxe murrizteaz gain, kutsadura murriztera eta bioaniztasuna bermatzearen alde egingo zutela gaineratu zuten.

Modu bateratuan igorritako komunikatuak dioenez, sektoreak onartzen du uretara doazen hondakinen %20 igortzen duela ehungintzak eta karbono emisioen %10 ere eurek eragiten dutela. Hortaz, zifra horiek gutxiesteko helburuarekin erabilera bakarreko plastikoa murriztea dute xede eta 2030. urterako ehungintza sektorean energia berriztagarrien erabilera handituko dutela iragarri zuten.

Greenpeacek iragarri dituen datuen arabera ehun ekoizpenak urtean 1.200 milioi tona gas igortzen ditu eta horren ondorioz 500.000 tona mikroplastiko zuntz nazioarteko itsaso ezberdinetara iristen dira.

Egun ur eskasia gero eta handiagoa da gizartean. Izan ere, egunero gizartean ur asko xahutzen da. Esaterako jeans bat produzitzeko 11.800 litro ur behar dira, eta, kotoizko kamiseta bat ekoizteko behar den kantitatea 2.700 litro ur da.