https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

FANTek Panorama Fantastikoa Lehiaketa eskainiko du Alhóndigako 2. Aretoan

'El Cerro de los Dioses' filmaren irudi bat./
'El Cerro de los Dioses' filmaren irudi bat.

Panorama sekzioaren barruan, Panorama Fantastikoko Film Luze Onenaren 2.250 euroko saria lortzeko lehiatuko diren sei film ikusi ahal izango dira. Besteak beste, 'Escombros', 'Lucero', 'El Cerro de los Dioses', 'After the Lethargy'...

EL CORREO

Bost kontinenteetatik heldutako kalitatezko generoko 160 zine ordu baino gehiagorekin, Bilboko Zinemaldi Fantastikoa, FANT, maiatzaren 2an jarriko da martxan. Sekzio Ofizialeko nazioarteko lehiaketa doako sarrerako eskaintza paralelo zabal eta anitzarekin osatuko da, Golem – Alhóndigako 2. Aretoan. Bertan, Panorama Fantastikoa sekzioan lehiatuko diren filmak, aretoetan duela denbora gutxi estreinatutako lanak eta generoko klasikoak ikusi ahal izango dira, zinemaldia ikus-entzule berriei are eta gehiago zabaltzeko xedez.

Panorama sekzioaren barruan, Panorama Fantastikoko Film Luze Onenaren 2.250 euroko saria lortzeko lehiatuko diren sei film ikusi ahal izango dira. Lan hauek dira: 'Escombros' (ESP, 2018), Álvaro Pitaren lehen film luzea; 'Lucero' (ESP, 2018), Bilboko zinemaldian ohikoa den Norberto Ramosen film berria; Sitgeseko Jaialdiko pitchbox saria irabazi zuen Daniel M. Caneiroren 'El Cerro de los Dioses' (ESP, 2018); New York City Horror Film Festival jaialdian Film Onenaren saria lortu zuen Marc Carretéren 'After the Lethargy' (ESP, 2018); Austingo Fantastic Fest jaialdian estreinatu zen Sonia Escolanoren 'Casa de sudor y lágrimas' (ESP, 2018); eta Manolo Munguia zuzendari kantabriarraren opera prima den eta Algeciraseko jaialdian lortutako Film Onenaren sariak abalatzen duen 'H0us3' (ESP, 2018).

Film laburrek ere euren lekua izango dute, Panorama Laburrean sekzioan, aurten Emakume Antzezle Hasiberriaren Goya saria irabazi duen Eva Llorach protagonista duen Benja de la Rosaren 'Malnacido' azken film laburra barne hartzen duen aukeraketarekin. Biak Bilbon egongo dira lana aurkezten. Gainera, sarrera libreko proiekzio berezien barruan, La Aventura banaketa etxearen eskutik Estatuko areto komertzialetara heldu diren izenburu azpimarragarrienetako batzuk jasoko dituen zikloa programatu da. Lan horien artean daude duela denbora gutxi estreinatu diren arren Bilboko aretoetara heldu ez diren 'Beast', 'The Night Eats the World' edo 'Ghost Stories'.

Hortaz aparte, DOKUFANTek Andre Gowerren 'Wolfman´s Got Nards' (AEB, 2018) eskainiko du 2. Aretoan. Film horrek, Fred Dekkerren (aurtengo FANTastikoaren Izarra saria) 'Una pandilla alucinante' (1987) lanak jaso zuen arrakasta aztertzen du. Andre Gower protagonista nagusiak elkarrizketak egiten dizkie taldeko kideei, eta hainbat hamarkadaren ondoren filmak sortu duen fenomenoa eta jarraitzaile kopuru handia erakusten ditu. Areto horretan bertan, generoan erabateko erreferente diren bi zinegileren, FANTeko bi Maisuren, Nicolas Roegen eta Jordi Grauren, bost lan klasiko eskainiko dira. Biak ere 2018an hil dira. Lehenengoaren 'Don´t Look Now' (1973), 'The Man who Fell to Earth' (1976) eta 'The Witches' (1990) ikusiko dira, eta Grauren ezinbesteko beste bi lan aukeratu dira, 'Ceremonia sangrienta' (1972) eta 'No profanar el sueño de los muertos' (1974).

Ohorezko FANT saria

Horrez gain, maiatzaren 2an, zinemaldia inauguratu aurretik, Kale Nagusiko BBK Aretoak sarrera librea izango duten beste bi emanaldi jasoko ditu: FANTeko Maisuei eskainitako bat, duela denbora gutxi hil den Larry Cohen zinegile estatubatuarraren 'In-natural (The Stuff)' (1985) lana eskainiz. Eta, bestetik, bigarren saioan, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 25. edizioak Jack Taylor (Oregon, EEBB, 1936) izenez ezaguna zen George Brown Randal antzezleari emango dio Ohorezko FANT saria, 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan estatuko generoko zinean ezinbestekoa izan zen aurpegi amerikarra, lan mitikoetako protagonista, 'La venganza de la momia' edo 'El buque maldito', besteak beste.

Esparru horren barruan, Diego Lópezen 'Jack Taylor, testigo del fantástico' (2018) dokumentala eskainiko da. Filma arratsaldeko 20:00etan hasiko da, eta ondoren solasaldia egongo da. Bertan Diego Lópezek, Jack Taylorrek eta Javier G. Romerok, Quatermass aldizkariaren sortzaile eta Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren lehenengo edizioaren sustatzaileetako batek, hartuko dute parte. Jack Taylorrek, FANTen edizio berezi honen abiapuntua izango den ekitaldi horretan jasoko du zinemaldiaren omenaldia.

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak Ohorezko FANT saria emango dio Javier G. Romerori. Izan ere, Javier G. Romerok Bilboko Zine Fantastikoaren Astearen –gaur egungo FANT– lehenengo bost edizioak bultzatu zituen. Garai hartan Paul Naschy, Jesús Franco edo Narciso Ibáñez Serrador zinegileak etorri ziren zinemaldira, besteak beste.

80ko hamarkadan zineko musikari buruzko 'En el calor de la noche' irratsaioaren gidoilaria eta gidaria izan zen, eta 1993tik zinearekin erlazionatutako argitalpenen editore ere bada, horien artean, zine fantastikoan espezializatutako Quatermass eta zine generoei buruzko Cine-Bis aldizkariak. Horrez gain, 'Antología del cine fantástico británico' (2004), 'John Phillip Law: Diabolik Angel' (2008), 'Antología del cine fantástico italiano' (2008) edo 'Eugenio Martín: un autor para todos los géneros' (2015) liburuak ere argitaratu ditu. Javier G. Romerok, maiatzaren 3an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera Campos Antzokian egingo den inaugurazio ekitaldian jasoko du FANTen omenaldia.