Ezinezko ametsak
Ez duzu auto-laguntza liburuetara jo behar, edonork, edonon esango dizu nahi duzun hori benetan nahi baduzu, lortu egingo duzula. Edo beste aldaera bat: benetan zerbaiten bila ahalegintzen bazara, horretarako edozein eginahal, edozein neke egiteko prest bazaude, lortu egingo duzu nahi duzun hori.
Badira beste ñabardura batzuk ere, baina, funtsean, nonahiko mezua da ametsak bete daitezkeela, baldin eta nahiko ahalegin egiten baduzu. Hortik ondorioztatzen da zerbait lortzen ez baduzu, nahikoa ahalegin egin ez duzulako dela, zure borondatea ez delako behar adina sendo, kikildu egin zarelako.
Beraz, zurea dela errua. Hainbeste zabaldu den teoria horrek ez du kontuan eduki zure ametsak zoroak, ezinezkoak izan daitezkeela, ahalegin guztiak eginda ere amets batzuk ez daudela edonoren eskura. Behingoz argi gera bedi: borondatea ez da edozer lortzeko aski, ezta borondatea ekintza aproposetan gauzatzen bada ere.
Askoz eraginkorragoa, egiazkoagoa litzateke honako lelo hau: benetan ahalegintzen bazara, nahi duzun horretan hobekuntzak lortu ditzakezu, agian txikiak, baina hobera egin dezakezu. Aukera hori, egon, badago. Egunero gimnasiora bazoaz, astean hirutan tenis irakasle batekin lan egiten baduzu, behar bezalako elikadura jaten baduzu, hori guztia urtetan eginda ere, seguruenik ez zara Nadal izatera helduko. Hori bai, tenislari hobea izango zara.
Zer esanik ez, nahi duzun hori gaixotasun larri bat gainditzea denean. Hortik datoz minbiziaren inguruko gerrako hitzak. Ez dizute esaten aldarteak, aurrera egiteko gogoak sendabidean eragina izango duenik. Ez, esaten dizute nahikoa borroka egiten baduzu, sendagileen laguntzaz, noski, minbizia gainditu egingo duzula. Beraz, hori gertatzen ez bada, zurea da akatsa, nahikoa baikor eta borrokalari izan ez zarelako.
Kontuz amesten duzun horrekin.