https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eusko Jaurlaritzak webgune berri bat jarri du abian, lan poltsa ezberdinak sarean kudeatzeko

Gazte bat, ordenagailua begiratzen./Fernando de la Hera.
Gazte bat, ordenagailua begiratzen. / Fernando de la Hera.

Egitasmo honek prozesuak eta izapideak erraztea eta erakargarriago egitea du helburu

UNAI SARRIUGARTE

Eusko Jaurlaritzak webgune berri bat jarri du abian (https://www.euskadi.eus/enplegu-publikoa), lan poltsa ezberdinak sarean kudeatzeko helburuarekin. 163 lan poltsa hauetan 57.000 pertsona daude izen emanda. Egitasmo honek prozesuak eta izapideak erraztea eta erakargarriago egitea du helburu. Lan poltsa hauetako parte hartzaileek euren enplegu eskaintzak nahi dutenean kontsultatzeko, kudeatzeko eta moldatzeko aukera izango dute. Izan ere, ataria 24 orduz egongo da erabilgarri, 365 egunez.

Eusko Jaurlaritzak jardun esparru hau 163 lan poltsa horietatik harago zabaltzea nahi du. Hemendik eta urte batzuetara euskal sektore publikoko erakunde guztiek erabili ahal izatea. Euren ustetan, langileak hautatzeko eta hutsik dauden postuak betetzeko prozesuak kudeatzeko erarik aproposena da.

Andres Zearreta Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak nabarmendu du webgune berri hau jauzi kualitatibo bat dela, bai administrazio publikoarentzat, bai aipatutako lan poltsetan izena emanda dauden 57.000 pertsonentzat.

Webgune berri honek hainbat aukera eskaintzen dizkie lan poltsetan parte hartzen dauden pertsonei: erabiltzaileei datu pertsonaletara eta harremanetarako datuetara sartu eta eguneratzeko parada eskainiko die; enplegu bilaketarako lehentasunak aldatzeko aukera; lan poltsa hauetan aurretik zenbat pertsona dauden jakitea erraztuko die lehentasunen eta hizkuntza eskakizunen arabera; eta lan poltsa bakoitzerako eginiko kontratazioen xehetasuna kontsultatu ahal izango dute besteak beste.

Jaurlaritzak urtea amaitu baino lehen webgune honi zerbitzu berri gehiago eranstea aurreikusi du: lan eskaintzak jaso eta onartu, erreklamazioak eta errekurtsoak aurkeztu, curriculuma eguneratu, edota desgaitasunen bat egiaztatu.

Webgune berri honek erabiltzaileen datu pertsonal guztien konfidentzialtasuna eta segurtasuna ziurtatzen du, eta erabiltzaileek IZENPE ziurtagiri digitalaren sistemaren bidez eman beharko dute izena.